Itxi

Oscar sariak

'12 years a slave' Oscarretako filmik onena, 'Gravity'ren gauean

Erredakzioa

Ezusteko gutxiko gala batean, "Gravity"k pilatu ditu sari gehien, zazpi: tekniko gehienak eta zuzendari onenarena (Cuaron) eraman ditu. Aktore onenak, Cate Blanchett eta Matthew McConaughey.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"12 years a slave" lanak lortu du, Oscarren 86. edizioan, pelikula onenaren saria, gaur Los Angeleseko Dolby antzokian egindako galan.

Faboritoa zen esklabotzari buruzko filma, nahiz eta aurrean oso lan onak zituen; gaueko irabazle nagusia, "Gravity" Alfonso Cuaron mexikarraren, zuzendari onenaren Oscar sariaren irabazlearen filma, esaterako. Zazpi estatuatxo bereganatu zituen "Gravity"k, eta hiru, ostera, "12 years a slave"k.

Lana Solomon Northupen autobiografian oinarrituta dago. New Yorkeko afroamerikar askea zen Northup, baina bahitu eta AEBko hegoaldera eraman zuten, esklabo. Han, jabe bihozgabe baten basakeria pairatu zuen.

Zuzendari onenaren saria ere gaueko irabazleak, "Gravity"k, jaso zuen. Alfonso Cuaron mexikarrari aitortu zioten goraipamen hori Hollywoodeko Akademiako kideek.

Interpretazioari dagokionez, emakumezko aktore nagusi onenaren saria, aurreikuspen guztiak goitik behera beteta, Cate Blanchettentzat ("Blue Jasmine") izan da. Gizonezkoei dagokienez, Matthew McConaugheyrentzat izan da: botiken industriako ordezkarien aurka borrokatzen den hiesdun pertsona bat da texastarra "Dallas Buyers Club"en.

Antzeztaldeko aktoreei dagokienez, bestalde, Lupita Nyong'o-k ("12 years a slave") eta Jared Letok ("Dallas Buyers Club") irabazi dituzte sariak.

Matthew McConaughey, Cate Blanchett, Lupita Nyong'o eta Jared Leto.

Kontsultatu atal guztietako saridunen zerrenda.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)

Galeriak (1)