Oskarrak 2015
Ezagutu Oscarretan filmik onenaren atalean izendatutako pelikulak
Natxo Velez | eitb.eus
“Boyhood”, “Birdman” eta “The grand Budapest hotel” faboritoez gain, Oscar nagusirako lehian “American sniper”, “The imitation game”, “Selma”, “The theory of everything” eta “Whiplash” daude.
"Boyhood"
Richard Linklaterrek 12 urtean 39 egunez filmatutako bizi epopeiak epaimahaien babesa jaso du Bafta sarietan eta Urrezko Globoetan. Masonen istorioa eta, zeharka, denboraren joanarena, bizitzarena, da pelikula: haurtzarotik nerabezarorako jauzia, “heldutasuna”, harremank, etsipena, itxaropena, ikasketa etengabea… “Before…” trilogiaren zuzendariaren zinema-saiakerak gure gorabeheren inguruko bidaia liriko eta epikoa proposatzen du.
"Birdman"
Alejandro Gonzalez Iñarrituren bosgarren film luzeak begietara begiratzen dio zinemaren industriari Hollywoodetik bertatik. Superheroi batena egin eta gero ospe handia bereganatu zuen aktore bat antzerkigintzan murgilduko da prestigioaren bila, Broadwayn Raymond Carver idazle natural eta garratzaren lan bat moldatzen. Gidoi bete-betea da, esaldi biribilez betetakoa, eta, teknikoki, plano-sekuentzia bakarrean filmatua; Michael Keatonen, Edward Nortonen eta beste aktore sorta dotore baten lan bikaina alde dauka istorioak.
"The grand Budapest hotel"
“The grand Budapest hotel” Wes Andersonen mundu bitxiaren erakusleiho erraldoia da, eta, haren ukitu nabaria duen pelikula egiteko, aktore zerrenda paregabea bildu du zinemagile texsastarrak: Ralph Fiennes, Edward Norton, Saoirse Ronan, Willem Dafoe, Bill Murray… Hotel bateko atezain bitxi baten eta babespean hartzen duen lankide gaztearen ingurukoak kontatzen ditu, erritmo bizian.
"American sniper"
Clint Eastwoodek (84 urte) zuzendari gisa sinatu duen azken filmak hautsak harrotu ditu, onerako eta txarrerako. Chris Kyle frankotiratzailearen autobiografian oinarritutako lanak marine honek Iraken egindakoak kontatzen ditu: beste edozein soldaduk baino arerio gehiago hil zituen Kylek, eta, hartara, irakiar tropen helburu nagusi bilakatu zen.
“The imitation game”
Alan Turing britainiar matematikari entzutetsuak ekarpen berebizikoa izan zuen II. Mundu Gerraren amaiera, nazien kode ezkutuak argitu baitzituen. Geroago, film honetan Benedict Cumerbatchek gorpuzten duen pertsona auzipetu egin zuten, homosexuala izatea egotzita.
“Selma”
Izendapenetako ezustekoetako batek Martin Luther Kingek gizarte eskubideen alde egindako lana kontatzen du, Selma eta Montgomery hirien artean 1965. urtean eginiko martxei begiratuta. Luter Kingez gain, James Bevel eta Hosea Williams izan zituzten buru ibilaldi horiek.
“The theory of everything”
Stephen Hawkingen bizitzari buruzko filmak zientzialariaren eta Jane haren lehen emazteak izan zuten harremana du ardatz. Eddie Redmaynek maisuki gorpuzten duen pertsonaiari orduan atzeman zioten medikuek pairatzen duen gaixotasun degeneratiboa.
“Whiplash”
Akademiaren sarien 88. edizio honetan zinema independenteak sartu duen ordezkari bakarrenetakoak jazz bateria izateko Ekialdeko Kostako Musika Ikastegian ikasten ari den gizon baten eta haren irakasle zurrunaren arteko harremana du hizpide.