Oscarrak
“El hoyo”, “La trinchera infinita” eta “O que arde”, Oscarretara bidean
eitb.eus
Espainiako Zinema Akademiak azaroaren 3an erabakiko du hiru film horietako zein aurkeztuko dion Hollywoodeko Akademiari. Hirurek dute EiTBren parte-hartzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espainiako Zinema Akademiak “El hoyo”, “La trinchera infinita” edo “O que arde” aurkeztuko du Oscar sarietan, atzerriko film onenaren sailean, Espainia ordezkatzeko hautagai gisa, gaur eguerdian jakitera eman duenez.
Azaroaren 3an iragarriko dute Espainiako Akademiako kideek EiTBren parte-hartzea duten hiru film horietako zein proposatuko dioten Hollywoodeko Akademiari azkenik. Gero, AEBko Akademiak bost film aukeratuko ditu proposamen guztien artean, behin betiko hautagaiak izan daitezen aurten ohi baino geroago, apirilaren 25ean, egingo duten sariketan.
"El hoyo" Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarrak zuzendu duen filma zientzia fikzioaren eta zinema sozialaren arteko nahasketa zorrotza da, eta aberastasunaren banaketa bidegabeaz hausnartzeko bidea ematen du.
“La tinchera infinita” Moriarti taldearen pelikulak (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga), bestalde, Gerra Zibilaren ondoren errepresioa jasan eta hiltzeko beldurrez etxean ezkutatzen ziren “satorren” historia du kontagai. Higiniok eta Rosak hilabete gutxi daramatzate ezkonduta, Gerra Zibila piztu eta, ondorioz, gizonaren bizitza arrisku larrian jartzen denean. Emaztearen laguntzaz, Higiniok etxean zulo bat egin eta denbora batez bertan ezkutatzea erabakiko du. Errepresaliak jasotzeko beldurrak eta elkarrenganako maitasunak 30 urtetik gora iraungo duen itxialdi batera kondenatuko dute bikotea.
“O que arde” Oliver Laxe galiziar zuzendariaren hirugarren filma da, eta Amadorren istorioa kontatzen du. Ez du inor bere zain sute bat eragiteagatik zigorra bete ondoren espetxetik ateratzen denean. Etxera itzuliko da, Lugoko mendietan galdutako herrixka batera, eta han berriz bizi beharko du Benedicta amarekin, Luna txakurrarekin eta bere hiru behiekin. Bizitza astiro-astiro igaroko da, naturaren erritmoan, harik eta sute bortitz batek ingurua suntsitu eta dena aldatu arte.