Kargatzen...
Itxi

10 izendapen

"Mank" pelikulak bildu ditu Oscarretarako izendapen gehien

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Hollywoodeko Akademiak apirilaren 25ean (bertoko apirilaren 26ko goizaldean) estatuatxoa eskuratzeko zein lehiatuko diren iragarri du gaur, ekitaldi batean.

"Citizen Kane" filmatzeko prozesua erakusten du "Mank"ek

“Mank” David Fincherrek zuzendutako filmak bildu ditu beste edozein filmek baino izendapen gehiago Oscar sarietarako, gaur horien berri emateko ekitaldian jakin dugunez. Herman Mankiewicz “Citizen Kane” filmeko gidoilariaren inguruko biopica da "Mank", eta 1941ean estreinatu zen Orson Wellesen maisulana filmatzeko prozesua erakusten du.

Film onenaren sailerako hautagaiak “Mank” bera, “Nomadland”, “The Trial of the Chicago 7”, “The Father”, "Judas and the Black Messiah", “Minari”, “Promising Young Woman” eta “Sound of Metal” dira.

Izendapen kopuruari begiratuta, seina izendapen bereganatu dituzten sei film ageri dira, “Mank”en atzetik: “The Father”, "Judas and the Black Messiah", "Minari”, "Sound of Metal", “The Trial of the Chicago 7” eta “Nomadland”.

Hain zuzen ere, Chloe Zhao “Nomadland”en zuzendariak lehiakide izango ditu, bere sailean, Thomas Vinterberg ("Anothe round"), David Fincher ("Mank"), Lee Isaac Chung ("Minari") eta Emerald Fennell ("Promising Young Woman").

Interpretazioari helduta, hauek aukeratu dituzte Akademiako kideek emakumezko aktore onenaren atalean: Frances McDormand ("Nomadland"), Carey Mulligan ("Promising Young Woman"), Viola Davis ("Ma Rainey's Black Bottom"), Andra Day ("The United States vs. Billie Holiday") eta Vanessa Kirby ("Pieces of a Woman").

Gizonezko aktore nagusi onenaren sailean, bestalde, Chadwick Bosemanek hil ondoren lor lezake Oscarra, “Rainey’s Black Bottom” filmean egin zuen lanean, Riz Ahmedek ("Sound of Metal"), Anthony Hopkinsek ("The Father"), Gary Oldmanek ("Mank") eta Steven Yeunek ("Minari”) egindakoei gailenduz gero.

Bigarren mailako aktoreen lanari dagokionez, emakumezkoen atala irabazteko hautagaiak Maria Bakalova (“Borat”), Glenn Close (“Hillbilly Elegy”), Olivia Coleman (“The Father”), Amanda Seyfried (“Mank”) eta Yuh-Jung Youn (“Minari”) dira; gizonezkoen irabazteko hautagaiak, Sacha Baron Cohen (“The Trial of the Chicago 7”), Daniel Kaluuya (“Judas and the Black Messiah”), Leslie Odom Jr (“One night in Miami…”), Paul Raci (“Sound of Metal”) eta Lakeith Stanfield (““Judas and the Black Messiah”).  

Atzerriko film onenaren atalean, azkenik, "Another round" (Danimarka), "Better Days" (Hong Kong), "Collective" (Errumania), "The man who sold his skin" (Tunisia) eta "Quo vadis, Aida" (Bosnia-Herzegovina) ageri dira zerrendan.

Oscarrak emateko ekitaldia bi hilabete atzeratu zuten, koronabirusaren ondorioz, apirilaren 25era arte (apirilaren 26ko goizaldea Euskal Herrian).