Itxi

Estreinaldia

Zineuskadik "Agur esatea" estreinatuko du ostiralean Gernikan

Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Kontxu Odriozola eta Kandido Uranga euskal aktore ezagunek bikoiztu dute. "To say goodbye" pelikularen euskarazko bertsioa da.

'To say goodbye' filmaren kartela. Argazkia: EITB

Zineuskadi elkarteak "Agur esatea" animaziozko filma -Matt Richardsen "To say goodbye" pelikularen euskarazko bertsioa- estreinatuko du ostiral honetan, otsailaren 8an, Zinema Euskaraz programaren bidez, Gernikako (Bizkaia) Lizeo Antzokian, arratsaldeko 20:30ean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta EPE-APV eta IBAIA ikus-entzunezko elkarteek osatzen dute Zineuskadi elkartea, eta Zinema Euskaraz programaren helburu nagusia, euskal balio zinematografikoak sustatu, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabili eta aisialdi arloan normalizazioa bultzatuko duen film sorta bat hiritarren eskura jartzea da.

Zineuskadiko arduradunek azaldu dutenez, filmaren hizkuntza originala ingelesa den arren, euskarazko bertsioa bikoiztu da elkartearen ekimenez. Horrela, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Klara Badiola, Kontxu Odriozola, Mari Asun Pagoaga edota Kandido Uranga euskal aktore ezagunek parte hartu dute bikoizketan. "Agur esatea", Espainiako Gerra Zibilean gertatutako haurtzaroaren eta nortasunaren galerari buruzko istorio bat da, baina, batez ere, "itxaropenez betetako istorio hunkigarria".

Animazio teknika berritzaileak erabiliz, filmak 1937an Erresuma Batura ebakuatu zituzten Euskal Herriko ia 4.000 haurrei buruzko istorioa kontatzen du. Gurasoei agur presaka esatera behartuta, haur hauek Erresuma Batuan hiru hilabetez egongo zirela uste zuten, baina, 75 urte ondoren, batzuk oraindik bertan daude, betirako gurasoengandik eta ama-lurragatik banatuta. Gaur egun 80 eta 90 urte bitartean dituzten 14 haurren ahotsen bidez historiaren gertaera tragiko hau kontatzen da "sakona eta ustekabekoa" den animaziozko dokumental eder honetan.

Gernikan ostiral honetan estreinatu ondoren, "Agur esatea" Arrasate, Elorrio eta Urnietan izango da laster ikusgai, eta 2013an zehar Euskadiko herri gehiagok emango dute pelikula. Pasa den urtarrilaren 21ean aurrestreinaldia egin zen Tolosako Leidor Aretoan, dokumentalaren ekoizle eta gidoigile Izaskun Arandia tolosarra baita.

Bideoak (1)