Itxi

Laburbira zirkuituaren eskutik

Euskarazko 8 film labur ikusgai izango dira Londresen eta Parisen

Erredakzioa

Halaber, Laburbira zirkuituari esker, Euskadiko eta Nafarroako 18 udalerritan ere proiektatuko dituzte. Egitarauak dokumentalak, fikziozko obrak eta animazioa, besteak beste, eskainiko ditu.

Laburbira zirkuituaren kartela. Argazkia: topagunea.org

Bihartik hasita hilaren 29ra bitartean, zortzi film labur euskaldun proiektatuko ditu Laburbira zirkuituaren 10. edizioak Euskadiko eta Nafarroako 18 udalerritan, eta baita Londresen eta Parisen ere.

Topagunea euskararen aldeko taldeen elkarteak antolatuta, egitarauak dokumentalak, fikziozko obrak eta ordenagailuaren bidez egindako animazioa, besteak beste, eskainiko ditu. Film labur guztiak 2012ko Durangoko Azokaren "Irudienea" esparruan izan ziren ikusgai.

Hona hemen ikusgai izango diren film laburrak: "Beerbug" (Ander Mendia), "Berriro igo nauzu", (Carlos Rodriguez), "Desentxufatuak"  (Bernues anaiak), "Deus et machina" (Koldo Almandoz), "Elkartea" (Kote Camacho), "Hamaiketakoa", (Telmo Esnal), "Oinaze egoitzak" (Oihan Amezua, Karlos Ibarbia, Netzer Bereziartua eta Asier Sustaeta), eta "Tortila" (Iñigo Lopez).

Ikusentzunezko ekoizpena

Zirkuitua Igorren amaituko dute. "Euskaraz egindako ikusentzunezko ekoizpena zabaltzea eta udalerrien eskaintza kulturala aberastea" dira ekimen honen asmoak. Topaguneak azaldu duenez, hainbat elkarte kulturalekin lankidetzan egindako zirkuitua da, eta Eusko Jaurlaritzaren eta hiru Foru Aldundien babesa izan du.

Proiekzioak Euskadiko eta Nafarroako hainbat kultur etxeetan eta antzokietan izango dira. Halaber, film laburrak atzerrian ere izango dira ikusgai: Londreseko Oxford House zentroan, hilaren 8an (London Basque Societyk lagunduta), eta Pariseko Euskal Etxean, hilaren 23an (Sustraiak Erroak elkarteak lagunduta).