Heriotza
Marivi Bilbao aktorea hil da, 83 urte zituela
Bilboko aktore ezaguna etxean hil da, Bizkaiko hiriburuan. Iazko udan, erretiroa hartu zuen.
Marivi Bilbao aktore bilbotarra hil egin da, 83 urte zituela.
Iragan udan, aktoreak erretiroa hartu zuen (arrakasta handia lortu zuen "Aquí no hay quien viva" eta "La que se avecina" telesailetan).
Publikoak asko maite zuen Mariví Bilbao, eta Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izan zen 2006an. Aktore ezaguna "berez hil da, familiak inguratuta", haren bozeramaileak jakinarazi duenez.
1930an jaio zen, Bilbon, eta oso ezaguna egin zen "La que se avecina" Telecincoko telesailean Izaskun Sagastumerena egiteagatik. Aurretik, 2003 eta 2006 bitartean, "Aquí no hay quien viva" telesailean izan zen, Antena 3en.
Duela hilabete batzuk, 'La que se avecina' telesaila uztea erabaki zuen, "nekatuta" zegoelako eta "ordutegiengatik, ez gaixotasun bategatik", bozeramailearen hitzetan.
Besteak beste, film hauetan parte hartu du: 'Maktub' (Paco Arango, 2011), 'No controles' (Borja Cobeaga, 2010), 'Carmen' (Vicente Aranda, 2003), 'Marujas asesinas' (Javier Rebollo, 2001), 'Malena es un nombre de tango' (Gerardo Herrero, 1996) eta 'Salto al vacío' (Daniel Calparsoro, 1995). Azken zuzendari horrekin, hainbat film gehiagotan lan egin zuen.
Hainbat aldiz omendu zuten, ibilbide profesionalagatik: Euskal Aktoreen Elkarteak "El abrazo" saria eman zion 1996an, eta El Mundo egunkariak Séller sariaren 5. edizioa eman zion 1997an.