Itxi

Estreinaldiak

Jude Law, Ricardo Darín eta Kirsten Dunst, zinema-aretoetan

"Efectos secundarios", "Tesis sobre un homicidio", "Un amor entre dos mundos" eta "Posesión infernal" dira zinema-aretoetako estreinaldiak aste honetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bi thriller, bata, "Efectos secundarios", Hollywoodeko izarrez betea, eta bestea, "Tesis sobre un homicidio", Ricardo Darin eta Alberto Ammann protagonista dituena: horiek dira aste honetako zinema-estreinaldiak, "Posesion infernal" biolentzia dosi handiak dituen beldurrezko filmarekin batera.

Jude Law, Rooney Mara, Catherine Zeta-Jones eta Channing Tatum dira Steven Soderberghen azken pelikularen protagonistak: "Efectos secundarios". Depresioen gai korapilatsuari buruzko thriller psikologikoa da.

Ricardo Darín eta Alberto Ammann dira "Tesis sobre un homicidio" thrillerreko protagonistak, elkarren aurkariak istorioan. Hernán Goldfrid zinemagilearen bigarren pelikula da, eta Espainiako zinema-aretoetara heldu den lehena. Calu Rivero aktorea du istorioaren protagonista eta, dirudienez, xehetasunetan dago filmaren garrantzia.

Aurrekontu handiko pelikulak egiten hasi aurretik ("Spider-man" pelikulen saga, adibidez), aurrekontu txikiko beldurrezko filmak egiteagatik egin zen ezagun Sam Raimi. Horietako bat "The Evil Dead" izan zen. Orain, Fede Alvarez Uruguaiko zuzendariak (Youtuben eskegitako film labur baten ondorioz ezagun egin da) lan hori berrikusi du, aurreko zuzendariaren onespenarekin. Horrela ikusi du argia "Posesión Infernal: Evil Dead" lanak, aurreko istorioari buelta eman dion pelikula.

Klase, lege eta grabitate ezberdintasunak: horiek dira "Un amor entre dos mundos" pelikulako protagonistek saihestu behar dituzten hesiak. Dosi erromantiko handiak eta zientzia-fikziozko ukituak dituen pelikula da, eta Kirsten Dunst eta Jim Sturgess dira protagonistak. Aktore horiek parte hartu duten arren, zinema independenteko lana da; hortaz, Juan Diego Solanas zuzendari argentinarrak malabarismoak egin behar izan ditu aurrekontuarekin.

Christian Petzold zuzendari alemaniarrak "Barbara" aurkeztuko du: Ekialdeko Alemanian kokatu du drama hau, eta ideologia eta baloreak amodioarekin eta sentimenduekin aurrez aurre jartzen ditu. Zilarrezko Hartza jaso zuen azken Berlinalen, eta Oscar sarietan parte hartzeko Alemaniako ordezkaria izan zen. Nina Hoss aktorea du protagonista.

Andy Garcia da "For greater glory" ("Cristiada") abenturazko dramako protagonista. XX. mende hasierako Mexikon kokatu du zuzendariak: Plutarco Elías Calles presidentearen aroan, herriak iraultza hasten du, eta gerran amaitzen da matxinada. Eva Longoriak, Peter O'Toolek, Oscar Isaacek eta Rubén Bladesek parte hartu dute.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)