Estreinaldiak
'Scary Movie' sagaren bosgarren pelikula zinema-aretoetara heldu da
Gainera, pelikula hauek estreinatuko dituzte: "El método Arrieta", "La gran boda", "Dos mas dos", "7 cajas", "Tomboy" eta "Buscando a Nemo" mitikoaren 3Dtako bertsioa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
"Scary Movie" komedia estatubatuar ezagunaren bosgarren alea aste honetan heldu da zinema-aretoetara, umorezko beste bi lanekin ("La gran boda" eta "Dos mas dos"), "7 cajas", "Tomboy" eta "Buscando a Nemo" film mitikoaren 3Dtako bertsioarekin.
Lindsay Lohan eta Charlie Sheen Malcolm D. Lee zuzendariaren esanetara jarri dira eta "Scary Movie" saga ezagunaren bosgarren filmeko protagonistak dira. Beldurrezko film ezagunen parodiak egingo dituzte, baina baita "Origen", "Black Swan" eta "Ted" pelikulenak ere. Bikote gazte batek bere inguruan gauza arraroak gertatzen ari direla sumatzen du, Danen anaiaren alabak etxean dituztenetik. Baso batean hiru urtez bakarrik izan dira eta "ama" misteriotsuaren mamu beldurgarria ageri da.
Lourdes eta Mentxu Arrieta ahizpak elbarriak dira jaiotzez, eta orain 35 urte begiraden bidez elkarrekin komunikatzeko modua aurkitu zuten. "Arrieta metodoa" dokumentalak euren bizitza eta borrokarako gaitasunaren berri ematen du. Jorge Gil Munárrizek zuzentzen du 2009an hasi zuten eta Giza Eskubideen Zinemaldian saritu dute "Arrieta metodoa" dokumentala.
Ezkontzekotan dagoen bikote bat eta bananduta dauen gurasoak (baina elkarrekin daudelaren plantak egin behar dituzte) dira "Una gran boda" lanaren lehengaiak. Familiaren arteko nahasmenaren agertoki bihurtuko da ezkontza. Justin Zackhamek idatzi eta zuzendu du eta besteak beste, aktore hauek parte hartu dute: Robert De Niro, Amanda Seyfried, Katherine Heigl, Robin Williams, Susan Sarandon eta Diane Keaton.
Bikote aldaketak egiten dituen bikote bat da "Dos más dos" lanaren protagonista. Beste bi lagun minei aldaketa egitea proposatzen die eta lauren fantasia ilunak agerian gelditzen dira. Iaz estreinatu zuten komedia hori eta Adrián Suar, Carla Peterson, Julieta Díaz eta Juan Minujín dira protagonistak. Diego Kaplanek zuzentzen du.
Akziozko thriller bat da "7 cajas". Merkatuan lan egiten duen gizon bat du protagonista eta zazpi kutxa diru askoren truke garraiatzeko enkargua jasotzen du, horrek duen arriskua eta misioak dituen arazoak jakin gabe. Paraguayko historiako pelikularik arrakastatsuena izan zen 150.000 ikuslerekin. 2013ko Goya sarietara hautagai izan zen Iberoamerikako film onenari sarirako.
10 urteko ume bat da Laure eta auzo berri batera joaten da bizitzera. Mutil bat dela esaten die bertakoei eta bere lagun bat beraz maitemindu da. Frantzian 2011an estreinatu zuten "Tomboy" eta Celine Siciammak idatzi eta zuzendu du. Zoé Herán, Malonn Lévana eta Jeanne Disson ditu protagonistak, besteak beste.
"Buscando a Nemo" 2003ko animaziozko pelikula mitikoak Oscar sari bat eskuratu zuen eta zinema-aretoetara bueltan da, 3Dn. Arrain pailazoaren jarraitzaileek abentura bizitzeko beste modu bat dute.