Itxi

Docuweba

Garai bateko eraldaketa soziala, rockaren bidez

'160 metro: Bizkaiko rockaren historia' docuwebaren lehen kapitulua aurkeztu dute: 90eko hamarkadan izandako eraldaketa soziala azalduko duten bost kapituluk osatzen dute egitasmoa.

'160 metro' dokumentalaren lantaldea. Argazkia: EITB

Alvaro Fierro eta Joseba Gorordok zuzendu eta EITBren laguntzarekin ekoizturiko "160 metro: Bizkaiko rockaren historia" izeneko gaztelerazko docuwebaren lehenengo kapitulua ostegunean estreinatuko dute Interneten. Bilbo eta Bizkaiak 90eko hamarkadan izandako eraldaketa soziala azalduko duten bost kapituluk osatzen dute egitasmoa.

160 metrok bereizten dute Bilbo ezkerraldea eta eskuinaldea. Bi ibarrek istorio propioa dute eta modu ezberdinean bizi izan zuten 90eko hamarkadan emandako eraldaketa sozial eta ekonomikoa. Bietan ordea, musikak garrantzia berezia izan zuen, musika talde ugari sortu baitziren: Eskorbuto, Zarama, Los Clavos, Parabellum eta beste hainbeste. Musika tresna gisa erabiliz, historian arakatzea proposatzen du 160 metro egitasmoak. Lehenengo kapitulua bihar estreinatuko da interneten, Joseba Gorordo zuzendariak adierazi duenez.

Ikusentzunezko egitasmoa bost kapituluk osatuko dute eta banan banan ikusi ahal izango dira interneten eta ETB-n. Ondoren, guztiekin Zinebin aurkeztuko den dokumentala osatuko dute.

Proiektua aurrera atera ahal izateko crowdfundinga erabili dute eta horrela, 250 partikularren finantziazioa lortu dute. 160 metro proiektuaren lehenbiziko kapitulua aurkezteko festa antolatuko dute 20:30ean Bilborocken.