Zinema aretoetan
'Resacón' sagaren hirugarren filma, asteburuko estreinu nagusia
Erredakzioa
Horrez gain, 'Mi gran aventura sexual', 'El gran golpe', 'Madres de Mayo' eta 'Todo irá bien' pelikulak ere iritsiko dira zinema aretoetara.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Resacón pelikula estatubatuarra, 2009an Resacón en Las Vegas filmarekin hasi zen sagaren hirugarren lana, asteburu honetako film berririk garrantzitsuena da. Komedia izango da zinema aretoetan nagusi, eta, besteak beste, Mi gran aventura sexual eta El gran golpe ere ikusteko aukera izango dugu.
Resacón
Tod Phillipsek zuzendutako filma, saga horren hirugarrena da eta, beste behin, Bradley Cooper (El lado bueno de las cosas), Zach Galifianakis (En campaña todo vale) eta Ed Helms (Jeff y los suyos) aktoreak bildu ditu.
Oraingo honetan, lagun taldea berriz ere elkartuko da. Edozein gauza gerta daiteke batera egingo duten bidaian.
El hijo de Caín
Julio Beltrán (Julio Manrique) psikologoak Nicoren (David Solans) mundu zoragarria ezagutuko du. Nico xakearekin obsesionatuta dagoen nerabe bat da.
Pelikula Jesús Monllaó Planaren lehen lana da. Thriller korapilatsu horretan, gazteak gurasoekin (José Coronado eta María Molins) duen harreman zaila ezagutuko du psikologoak.
Mi gran aventura sexual
Komedia kanadar hori Sean Garrityk zuzendu du eta Jonas Chernick (Lucid), Emily Hampshire (Die) eta Sarah Manninen (Amnesia) aktoreak dira protagonistak.
Chernickek gidoia idazteaz gain Jordan Abrams pertsonaiarena ere egiten du. Jordanek stripper bat ezagutuko du eta sexualitatea eta bere burua hobeto ezagutzeko abentura biziko du.
El gran golpe
Urtebeteko atzerapenarekin iritsi da pelikula hegokorear hori Estatuko zinema aretoetara. Choi Dong Hoonek zuzendua, Yun Seok Kim (Punch) du protagonista. Filmaren pertsonaia nagusia, Popie, lapur banda baten burua da eta bere bizitzako lapurreta egiteko prestatzen ari dira.
Azkenean, lapur bakoitzak lapurreta besteek baino lehen egiteko eta saria eramateko plana prestatuko du.
¿De qué va la vida?
Hugo Bargos eta Ángel González zuzendariak gizakiaren galderarik garrantzitsuenei erantzuten saiatu dira. Zergatik bizi gara? Zerk egiten gaitu zoriontsu? Gerta daitezke mirariak? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuten saiatu dira.
Irene Villa, Diego Valeri, Claudia Koll, Pilar Dominguez eta Anna Vilanova dira, besteak beste, proiektu horretan parte hartu duten pertsonetako batzuk.
Madres de mayo
Jatorrizko familiarengandik aldendu eta familia burges batean hazitako neska baten istorioa kontatzen du pelikulak. Argentinako diktaduran kokatuta, erregimenak utzitako zauriak aztertu nahi ditu Pablo Yotichek zuzendutako pelikulak.
Juan Palomino, Alejandro Fiore, Agustina Posse eta pelikularen zuzendaria bera dira protagonistak.
Tierra de nadie
Paulo Figueiredo militarraren sekretu ilunak eta lan krudelak kontatzen ditu dokumental portugaldar honek, eta militarrak CIArentzat eta GALentzat lanean aritu ziren garaia azaltzen du.
Salomé Lamasek zuzendua, 72 minutuko iraupena du.
Todo irá bien
Chistopher Boe zuzendariak Jens Albinus, Igor Radosavljevic eta Marijana Jankovic aktoreak bildu ditu 2010ean frantziar, suitzar eta danimarkar ekoizleek egindako lan honetan.
Informazio bat argitara atera eta gero norbaitek hilko duen beldur, protagonistak zalantzak izango ditu ez ote lukeen hobe agintarien aurrean salaketa jarri, haren ingurua gaiztotu egingo baita: konspirazioak, beldurra...