Itxi

Biografia

Agur Elias Querejeta zinemagile saridun hernaniarrari

Erredakzioa

Zinema-ekoizle gipuzkoarrak 50 film baino gehiago egin zituen, eta zinema arloko sari nagusienetarikoak irabazi zituen, tartean, Zinematografia Sari Nazionala 1986. urtean.

78 urte zituela hil da Elias Querejeta. Argazkia: EFE

Elias Querejeta gidoilari eta zinema-ekoizle gipuzkoarrak 50 zinta baino gehiago zuzendu zituen, tartean, Estatuko zinematografiaren film nagusienetarikoak: "La caza" (1965), "El espíritu de la colmena" (1973), "Cría Cuervos" (1976) eta "Los lunes al sol", besteak beste.

Querejetak zinema arloko sari nagusienetarikoak jaso zituen, tartean, Zinematografia Sari Nazionala 1986. urtean, eta Zinema Akademiako Urrezko Domina 1998. urtean. Euskadiko eta Espainiako zinemagintzako erreferente izan da azken 50 urteetan. Zinemak "arazoak begien aurrean jartzeko balio digu", esan zuen behin Querejetak, "eta itxuraz balorerik ez duenaren gainean ohartarazten du".

Zaletasun handia

Querejeta 1983ko urriaren 27an jaio zen, Hernanin. Donostiako Jesusen Bihotzeko ikastetxean ikasi zuen, eta 16 urte besterik ez zituela, zinema-klub bat sortu zuen.

Zuzenbiden lizentziaduna, 1960. urtean Madrilera iritsi zen, eta zinemari eutsi zion indarrez. Aurretik futbolean ere aritu zen, izan ere, Real futbol-taldean jokatu zuen 1953-1959 denboraldian, eta talde hori bere bizitzako zaletasun handiena izan zen.

60ko hamarkadan Carlos Saurarekin hasi zen lanean: "La caza" (1965), "Pepermint frappé" (1966), "La madriguera" (1969), "Elisa vida mía" (1977), "Mamá cumple cien años" (1979) eta "Deprisa, deprisa" (1980) dira garai hartako zinema-lanak.

Halaber, Querejetak arrastoa utzi zuen beste hainbat filmetan: Victor Ericek zuzendutako "El espíritu de la colmena" (1973) eta "El Sur" (1983); Manuel Gutierrez Aragonek zuzendutako "Habla, mudita" (1973); Sauraren "La prima Angélica" (1973) eta "Cría Cuervos" (1976); Montxo Armendarizek zuzendutako "Tasio" (1983) eta "27 horas" (1986).

10 hautagaitza

Hain justu, 90ko hamarkadan Armendarizen hainbat zintetan parte hartu zuen -"Las cartas de Alou" (1990) eta "Historias del Kronen" (1995)-. Gainera, Fernando Leon de Aranoak zuzendutako "Los lunes al sol" filmean ere lan egin zuen. Pelikula horrek Urrezko Kontxa, Ondas Saria eta bost Goya saria irabazi zituen.

2007an "Siete mesas de billar francés" zinta ekoiztu zuen Gracia alabarekin. Lan horrek 10 hautagaitza eskuratu zituen Goya sarietan, tartean, film onena eta zuzendari onena.

Querejetaren azken lana "33 días" izan da: Antonio Banderas eta Gwyneth Paltrow aktoreekin ari zen lanean, baina bukatu gabe hil egin da. Film horrek Gernika margolanaren sorkuntza du hizpide.

Albisteak (1)