Galduta zegoen
Orson Wellesen benetako lehen pelikula topatu dute, Italian
Erredakzioa
Filmak 'Too much Johnson' izena du, eta Italia ipar-mendebaldean topatu dute, Pordenone herriko biltegi batean. Zinta zaharberritu, eta urrian estreinatuko dute.
Pordenone herriko (Italia ipar-mendebaldea) Cinemazero arte elkarteko langileek Orson Wellesen lehen pelikula topatu dute, bertako biltegi batean. Filmak Too much Johnson izena du, eta urriaren 9an estreinatuko dute La Giornata del Cinema Muto zinemaldian, zaharberritu ostean.
Too much Johnson lanean, Wellesek antzezlan bat moldatu nahi izan zuen, baina ez zuten inoiz estreinatu eta amaitu gabe gelditu zen, George Eastman House Argazkigintza eta Zinemaren New Yorkeko Nazioarteko Museoko arduradunek azaldu dutenez.
Kane herritarra, William Randolph Heartst komunikazioaren arloko enpresari ospetsuaren bizitzan inspiratutako istorioa, izan zen Orson Wellesen lehen lan ezaguna. Oso kritika onak jaso zituen, eta zinemaren historiako pelikula onenen artean dago. Ez da hain ezaguna adituek orain arte Wellesen lehen lantzat zutena: Hearts of Age 1934an William Vance lagunarekin egin zuen parodia.
Hala ere, Wellesen benetako lehen lana Kane herritarra egin baino hiru urte lehenago jaio zen. Mercury Theatrerekin, Munduetako guda-rekin ospetsu egin zuen konpainia berarekin, estreinatu nahi izan zuen, Broadwayn, baina ez zuen inoiz edizioa amaitu, eta alde batera utzi eta proiektua ahaztu egin zuen.