Itxi

Bilbon

'Zinemakumeak', emakumeek eginiko zinema erakusketa abian

Hainbat ekitaldi izango dira Bilbon larunbatera bitartean, "Zinemakumeak gara" zinemaren erakusketak 18 urte beteko dituela ospatzeko.

Simone de Beauvoir talde feministak antolatzen duen "Zinemakumeak gara" emakumeek eginiko zinemaren erakusketak 18 urte beteko ditu aurten, eta larunbatera bitartean ospatuko da, Bilbon, emakumezko zinemagileek eginiko lana onetsi eta erakusteko asmoarekin.

BBK Aretoan izango dira proiekzio, hitzaldi eta erakusketa nagusiak. Zinemak izan dituen emakumezko aitzindarien lana omenduko du aurten erakusketak, eta Lotte Reiniger, Ida Lupino, Maya Deren eta Agns Vardaren lanak erakutsiko ditu. Zinemaren historiako hainbat orri idatzi dituzten emakumeak dira guztiak, "beren lana aintzat izan gabe historia hori ezin baita osorik kontatu", antolakuntzak adierazi duenez.

Emakumeek eginiko zinemaren erakusketa honetan, Rosa Regás idazleak "La cultura es la base del progreso" izenburuko hitzaldia eskainiko du ostiralean, urriaren 18an, BBK Aretoan, Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroak antolatuta. Halaber, BBK Aretoan bertan, Lotte Reinigerren omenezko erakusketa bat izango da, bere ilustrazio, argazki eta idatziekin. Gainera, berak zuzendutako animaziozko lanak proiektatuko dira, guztiak Madrilgo Goethe Institutuak utzitakoak. Horrez gain, EHUko Arte Ederren Fakultatean, Lotte Reinigerrek eta Maya Deren abangoardistak eginiko film laburrak emango dituzte, eta Deustuko Gizarte Zientzien Fakultateak Tramak eginiko "Emakumezkoen laburmetraiak" aukeraketa eskainiko du.

"Littlesecretfilm" egitasmoaren aurkezpenak eta "Zinea zabaltzeko Plataforma Berriak" hitzaldiak osatuko dute egitaraua; mahai inguru honetan bi euskal zuzendarik parte hartuko dute. Jaialdi osoaren helburua genero berdintasuna eta emakumeen eskubideekiko errespetua lortzeko lagungarriak diren aldaketak sustatzea da.