Estreinaldiak
'Capitán Phillips' eta WikiLeakseko kableak, zinema-aretoetan
Erredakzioa
Gainera, pelikula hauek estreinatuko dituzte: familia guztiarentzat egindako 'Turbo' eta 'Guerras sucias', eta 'Todas las mujeres' eta 'La primavera' lan espainiarrak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Benetako istorio batean oinarritutako bi lan dira asteko estreinaldi garrantzitsuenak: "Capitán Phillips" eta "El quinto poder". Gainera, Espainiako zinemak toki berezia du asteburu honetan zinema-aretoetan, "Todas las mujeres" eta "La primavera" pelikulen eskutik.
Maersk Alabama ontzi estatubatuarraren istorioa da "Capitán Phillips", 2009an Somaliako piratek bahitu zuten itsasontziarena. Richard Phillips kapitainak (Tom Hanks) paper garrantzitsua izan zuen. Tom Hanks aktoreak hirugarren Oscar saria eskuratu nahi du Paul Greengrassen zintari esker, eta, "United 93" lanean egin zuen bezala, muturreko egoeretan gertatzen diren istorioak protagonizatzeko abilezia aparta duela erakutsi du beste behin ere.
Julian Assange WikiLeakseko sortzailearen erretratua egin dute "El quinto poder" pelikulan, eta azken urteotako informazio-eskandalu garrantzitsuenetariko bat nola gertatu zen azaldu du. Bill Condonek zuzentzen du eta polemika piztu da, Assangek lan honen aurka egin baitu, gezurrezko datuak ematen dituelakoan eta gertatu zenaren ikuspegi bideratua ematen omen duelako.
"Madagascar" eta "Kung Fu Panda" pelikulen egileek "Turbo" aurkeztu dute. Dreamworks Animation etxeak familia osoarentzat egindako lana da, 3Dtan ere ikus daitekeena.
Nacho (Eduard Fernandez) "Todas las mujeres" pelikulako protagonista da, gizon manipulatzaile eta gezurtia; sei emakumerekin dabil aldi berean. Izen bereko telesailean oinarritutako lan honetan, Eduard Fernandezekin batera, sei emakumezko-aktore aritu dira, Michelle Jenner eta Nathalie Poza tartean.
"Guerras sucias" lana Ameriketako Estatu Batuetako gerra ezkutuen mundua aztertzen du Jeremy Scahill ikerketa-kazetari eta "Blackwater" best-sellerraren egilearen eskutik. Rick Rowley zuzendariak dokumentalen bidez mezuak aldarrikatzeari ekin dio beste behin, hiritarrek ezagutzen ez dituzten gatazka belikoei buruz.
Timek (Domhnall Gleeson) sekretu bat aurkituko du "Una cuestión de tiempo" pelikulan: bere familiako gizonezkoek denboran zehar bidaiatu dezakete, iraganeko garai jakin batera. Mary (Rachel McAdams) konkistatzen saiatuko da Tim. Richard Curtis "Notting Hill" eta "Love Actually" filmen egilearen ukitua du lanak, eta hemen ere umore eta amodio dosiak tartekatzen ditu.
Carmen Fajula eta bere familiaren inguruko pelikula da "La primavera". Duela hainbat belaunaldi gertatzen den bezala, naturak markatzen du beraien bizitzaren erritmoa. Christophe Farnarier da dokumentalaren egilea, eta hainbat jaialditan izan da, DocumentaMadrid eta Malagako jaialdian esaterako.