Film berria
Joe Cornishek zuzenduko du 'Star Trek 3'
Erredakzioa
J.J. Abramsek Star Trek sagako lehen bi pelikulak zuzendu ondoren, proiektua utzi du, Star Wars sagaren VII. atala egiteko, eta, horren aurrean, Cornishi eskaini diote.
Joe Cornish aukeratu dute Star Trek sagaren hirugarren pelikula zuzentzeko. J.J. Abramsek saga horretako lehen bi filmak zuzendu zituen, baina proiektua bertan behera utzi du, Star Wars sagaren VII. atala grabatzeko, eta, hori dela eta, Cornishek ordezkatuko du.
Deadline atarian argitaratu dutenez, Cornish Paramount eta Skydance Productions ekoiztetxeen faboritoa da. Hasiera batean, Abramsek trilogia osoan parte hartu behar zuen arren, beste saga galaktikoan (Star Wars famatuan) lan egitera joan da, eta, horren aurrean, zuzendari berria topatu behar izan dute proiektuaren arduradunek.
Dirudienez, Attack the Block eta Ant-Man (Marvelen hirugarren faseko azken ekoizpenetako bat) filmen zuzendari britainiarra aukerarik gustukoena izan da azken hilabeteetan.
Abramsen ohiko kolaboratzaileak diren Alex Kurtzmanen eta Roberto Orciren gidoiarekin lan egingo du Cornishek, eta aktoreak aurreko bi pelikuletako berberak izango dira.
Estreinaldirako datarik ez dagoen arren, baliteke sagaren atal berria 2016rako prest egotea, urte horretan beteko baitu proiektuak 50. urteurrena.