48 ordutan grabatuta
Zinebi Express lehiaketa egingo dute asteburu honetan, Bilbon
Erredakzioa
Izen ematea larunbatean, azaroaren 9an, izango da, Campos Antzokiko atarian. Film labur irabazleak 800 euroko diru saria jasoko du.
Asteburu honetan egingo dute Zinebi Express lehiaketaren seigarren edizioa. Izen ematea larunbatean, azaroaren 9an, izango da, Campos Antzokiko atarian, goizeko 09:30etik 10:30era, eta une horretan jakinaraziko da film laburren gaia.
Antolakuntzak pendrive bat emango dio partaide bakoitzari, eta 48 ordu izango dituzte euren proiektuak burutzeko. Proiektuak leku berean entregatu beharko dira, astelehenean, azaroaren 11n, arratsaldeko 18:30etik 19:30era.
Film laburrek gutxienez 2 minutu eta gehienez 8 minutu iraun beharko dute, kreditu izenburuak barne, eta Bilboko udalerrian errodatuta egon beharko da.
Film labur irabazleak 800 euroko diru saria jasoko du, eta bigarrenak 500 euro jasoko ditu. Horrez gain, hirugarren saria lortzen duen lanak AUX saria irabaziko du (Aux Magazinek babestua): afari bat.
Irabazleak, ostegunean, azaroaren 14an, ezagutaraziko dira, arratsaldeko 20:00etan Campos Antzokian burutuko den Ekitaldian. Bertan, lehiaketara aurkeztutako film labur hoberenak proiektatuko dira.
Lehiaketaren iazko edizioan 46 taldek hartu zuten parte.