55. edizioa
Nicolas Provosten 'Tokyo Giants' film laburrak irabazi du Zinebi
Erredakzioa
Borja Cobeagaren Democracia (fikzioa) eta Alberto Vazquezen Secretos de Unicornio (animazioa) lanek ex aequo lortu dute Euskal Zinemaren Sari Nagusia.
Nicolas Provostek idatzi eta zuzendu duen Tokyo Giants fikziozko film labur belgikarrak irabazi du Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldiaren 55. edizioaren Sari Nagusia. 23 minutuko iraupena duen zintak misterioaren bilaketa erakusten du Tokioko kaleetatik, serieko hiltzaile baten, bortxatzaile baten, terrorista baten, gizon jakintsu baten eta Yakuza baten bideak gurutzatzen diren istorioaren bitartez. Horrela, aurten ere Belgikako egile baten lana saritu dute; izan ere, iaz Arnaud Dufeysek idatzi eta zuzendu zuen Atomes film laburrak jaso zuen saria.
Beste alde batetik, Borja Cobeagaren Democracia (fikzioa) eta Alberto Vazquezen Secretos de Unicornio (animazioa) lanek ex aequo lortu dute Euskal Zinemaren Sari Nagusia. Halaber, Gerardo Carrerasen Souvenir (dokumentala) lanak irabazi du Zine Espainiarraren Sari Nagusia. Horrez gain, Monica Lairana argentinarrak Latinoamerikako Pelikula Onenaren Saria irabazi du, María lanari esker. Zinebiren aurtengo edizioan 67 film lehiatu dira Sekzio Ofizialean.
Sarituen zerrenda ostiral honetan aurkeztu du Pernille Rose Gronkjaer dokumental zuzendari daniarrak, Salome Lamas zinegile portugaldar gazteak, Oliver Laxe zinegile espainiarrak, Itziar Okariz diziplina anitzeko sortzaileak eta Marcela Zamora Chamorro Nikaraguako kazetari eta zinegileak osatutako Zinebiren 55. edizioaren nazioarteko epaimahaiak.
Amaiera ekitaldia Aitor Mazo antzezleak aurkeztuko du, eta ostiral honetako arratsaldean ospatuko da Arriaga Antzokian. Ekitaldian, sari guztiak banatzeaz gain, zinegile kantabriarraren filmetan ohikoa izan den Angela Molina antzezle handiak Ohorezko Mikeldia emango dio Manuel Gutierrez Aragon zinema zuzendariari.
Beste sari batzuk
Zine dokumentalaren atalean, Urrezko Mikeldia Grzegorz Zaricznyren Gwizdek (Polonia) filmak jaso du, eta Zilarrezko Mikeldia Simon Gillarden Ánima (Belgika) eta Pablo Brionesen A beira de Lisboa (Suitza) dokumentalek jaso dute ex aequo.
Fikziozko film onenaren Urrezko Mikeldia ex aequo irabazi dute Barbara Otten Sunny (Alemania) eta Marie-Elsa Sgualdoren Man kann nIcht alles auf einmal tun, aber man kann alles auf einmal lassen (Suitza) lanek. Kategoria horretako Zilarrezko Mikeldiari dagokionez, Joäo Pedro Rodriguesen eta Joäo Rui Guerra Da Mataren Mahjong (Portugal) filmak jaso du.
Animazioaren atalean, Urrezko Mikeldia Luis Soaresen Outro Homem Qualquer (Portugal) lanak irabazi du, eta Jochen Kuhnen Sonntag 3 (Alemania) filmak jaso du Zilarrezko Mikeldia.