Itxi

Estreinaldiak

'Alaba Zintzoa', zinema-aretoetan 'El consejero' lanarekin batera

Ridley Scotten lan berriak aktore-zerrenda zabala du (Michael Fassbender, Javier Bardem, Brad Pitt, Cameron Diaz...). Hirokazu Kore-Edaren "De tal padre, tal hijo" ere estreinatuko dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Edgar Wrightek "Cornettoren trilogia" itxi du Bienvenidos al fin del mundo lanarekin eta Ridley Scottek lan berria aurkeztu digu, El consejero. Gainera, Canneseko eta Donostiako zinemaldietan arrakasta lortu zuen lan bat ere ikusgai izango da, Hirokazu Kore-Edaren De tal padre, tal hijo, eta Alaba Zintzoa ere bai, euskal aktore askorekin.

Michael Fassbender, Penélope Cruz, Javier Bardem, Brad Pitt, Cameron Diaz... El consejero lanaren aktore-zerrenda luzean ageri diren izarretako batzuk dira. Abokatu bat droga-trafikoaren munduan murgilduko da bertan. Bruno Ganz, Natalie Dormer eta John Leguizamo aktoreek ere parte hartu dute film horretan, eta Cormac McCarthy eleberrigilearen lehen gidoia da.

Alaba Zintzoa Susanaren istorioa da. Etxeak garbitzen lan egiten du, eta horietako batean sartzea erabakiko du, jabea oporretan joaten denean. Gazteak arazo asko ditu, eta horiei ihes egitea du helburu, aberatsen plazerrak dastatzeaz gain. Baina bihurrikeria baten moduan hasiko denak arazo ugari eragingo dizkio.

Zombies party eta Arma Fatal lanetan parodia-omenaldia egin ostean, Edgar Wrightek "Cornettoren trilogia" ixteari ekin dio Simon Pegg eta Nick Frost aktoreekin. Beste genero bat, zientzia-fikzioa, esploratuko du Bienvenidos al fin del mundo lanean.

Hirokazu Kore-Eda drama familiar berri batekin dator De tal padre, tal hijo pelikulan, aiten erantzukizunak ardatz hartuta. Aita batek denbora gehiegi ematen du lanean, baina dena aldatuko da jaiotakoan semea aldatu ziotela jakin ondoren. Canneseko Epaimahaiaren saria eta Donostiako Zinemaldiko Publikoaren saria eskuratu zituen, eta Masaharu Fukuyama, Yokô Maki eta Jun Kunimura aktoreak ditu protagonista.

Miguel Alcantud zuzendariak Diamantes negros pelikula aurkeztu du. Futbol talde batek Maliko bi gazte fitxatu ditu, eta ilusioz eta inozentziaz beterik helduko dira Espainiara, baina interes ezkutuak eta miseriak ageri dira kirol horren atzean. Espainiaren eta Portugalen arteko ekoizpena da, eta Setigu Diallo eta Hamidou Samake aktore hasiberriek parte hartu dute bertan, Guillermo Toledorekin eta Carlos Bardemekin batera.

Animaziozko estreinaldia Disney taldeak dakar, Frozen: el reino del hielo. Hans Christian Andersenen ipuin klasikoaren adaptazio bat da.

Lucas Figueroaren lehen filma da Viral. Javier Pascualekin batera idatzi du, eta Madrilgo Callaoko FNACen giltzaperatzen da lehiaketa baterako. Erabaki horrek arazoak ekarriko dizkio, klaustrofobia baitu, eta eraikinean gertaera arraroak jazoko dira.

Bideoak (4)