Seigarren edizioa
Reinhold Messnerri buruzko film batek irekiko du Mendi Film Festival
Erredakzioa
Filma Andreas Nickelek zuzendu du eta alpinista italiarraren ibilbidea jasotzen du.
Bilbao Mendi Film Festival mendiko eta abenturazko nazioarteko zinema jaialdiaren seigarren edizioak ostegun honetan izan du bere atarikoa David Palmada eskalatzailearen eskutik. Palmada Plaza Biribilean eraikin batetik zintzilik egon da, hamaka batean. Jaialdiaren seigarren edizioa bihar abiatuko da, Euskalduna Jauregian, Reinhold Messner italiarra, alpinismoaren mito handienetako bat, leial erretratatzen duen dokumental batekin.
Messner der film zintak irudi ikusgarriak eta protagonistaren beraren eta espedizioetan lagun izan dituen kideen testigantzak josten ditu 104 minututan, eta Messnerren ibilbidea erakusten du: besteak beste, lehena izan zen 14 zortzimilakoak osatzen, Everest bakarrik eta oxigenorik gabe igotzen, eta Antartika kanpoko laguntzarik gabe zeharkatzen.
Filma, Alemaniako ekoizpen bat da, eta Andreas Nickelek zuzendu zuen, 2012. urtean. Garai batean ikur izan den alpinistaren bizimodu harrigarria eta nortasun konplexua jasotzen du. Messner izan zen lehena Everest bakarrik eta oxigenorik gabe igotzen, eta munduko hormarik handiena eskalatzen; Nanga Parbateko Rupal aurpegia, hain zuzen (4.500 m). Halaber, eskalatzaile alemaniarra izan zen aurrenekoa 14 zortzimilakoen bilduma osatzen eta Antartika kanpoko laguntzarik gabe zeharkatzen.
Jaialdia zabaltzeko ekitaldia 19:30ean hasiko da, zuzeneko musikarekin. Jarraian, jaialdiaren aurtengo edizioa aurkezteko bereziki landu den bideo bat izango da ikusgai, eta, ondoren, Aitor Elduaien kazetariak hartuko du hitza. "Bidaldi" bidaiei buruz Euskadi Irratian ematen duten saioaren arduradunak egingo du jaialdiaren aurkezpena, eta, segidan, Reinhold Messnerren inguruko filma eskainiko dute.