Itxi

Urteko balantzea

2013an porrot egin zuten bederatzi filmak

Erredakzioa

Johnny Depp, Harrison Ford, Will Smith eta antzeko izarren luzemetraiek zineak ikuslez beteko zituztela zirudien, baina aktore ospetsuek ez dute film baten arrakasta bermatzen.

Johnny Deep-en The Lone Ranger izan da aurreikuspenak bete ez dituen filmeetako bat. Efe.

2013 urtea oparoa izan da zinemagintzan. Denetarik egon da; arrakasta handiak, baita porrot esanguratsuak ere. Kalitatea alde batera utzita, zenbait film zine aretoak leporaino betetzeko ekoitzi ziren, baina ez zituzten aurreikuspenak bete, ezta gutxiagorik ere.

Porrot egin duten filmen artean, badira izar handien distira zutenak: Johnny Deep edo Harrison Ford, besteak beste. Baina izarrak ez dira beti nahikoa izaten jendea aretoetara erakartzeko.

Ender's Game izan da urteko porrot nabarmenetako bat. Orson Scott Card idazlearen eleberrian oinarritutako filmak Harrison Ford izan du izan nagusi. 115 milioi euroko aurrekontua izanda, 90 milioi bakarrik bildu ditu zine aretoetan.

The Fifth Estate filmak elementu asko zituen arrakasta lortzeko: Bill Condon zuzendaria (Oskar saria irabazitakoa), boladan dagoen aktorea (Benedict Cumberbacht) eta gori-gorian dagoen istorioa (Wikileaks eta Julian Assangeren auzia). 30 milioiko aurrekontua izan zuen filmak (ez da oso altua), baina 8,5 milioi bakarrik lortu ditu.

Ryan Reynolds eta Jeff Bridges aktoreek ere ez dute zorte handirik izan aurten. R.I.P.D. (RIPD. Rest In Peace Department) filmean parte hartu zuten. 130 milioiko aurrekontua zuen eta zine aretoetan ateratakoak ez zuen 80 milioien muga gainditu.

Will Smith eta semearen After Earth filmak, berriz, hasierako inbertsioa berreskuratzea lortu zuen, baina askoz gehiago lortzea espero zuten denek. Udako filma izateko jaio zen, eta 243,8 milioi bakarrik bildu ditu.

White House Down-ek ere ez zituen galerak izan, baina Channing Tatumen eta Jamie Foxxen filmak talde terrorista batek Etxe Zuriari egindako erasoaren gorabeherak kontatzen ditu. 150 milioi euroko aurrekontua izan zuen akzio filmak, baina 200 milioi bakarrik lortu ditu.

Sylvester Stallonek ere huts egin zu 2013an. Bullet to the Head-ek 55 milioi dolarreko aurrekontua izan zuen, baina ez ditu 10 milioi ere berreskuratu. Antzerako kolpea hartu zuen Robert Rodriguezen Machete filmearen bigarren zatiak: 33 milioiko aurrekontua izanda, 15 milioi bakarrik bildu zituen.

Jarritako dirua berreskuratu ez duen beste film bat Harrison Ford, Liam Hensworth eta Gary Oldman aktoreen Paranoia izan da. Ekoizleek 35 milioi ordaindu zituzten, baina ikusleek 13,7 milioi baino ez zituzten utzi zine aretoetan.

Eta, azkenik, zerrendako filmik ospetsuena: The Lone Ranger. Johnny Depp-en filmak diru kopuru txikia lortu du, hasierako aurreikuspenekin alderatuta: 260 milioi dolar bildu ditu, 215eko aurrekontua izanda.