Musika dokumentalak
Dock Of The bay, urteko lehen jaialdia
Musika dokumentalen jaialdia ospatzen ari dira Donostian igandera bitartean. Filmez gain, kontzertuak eta erakusketa bat ere izango dira.
Donostiako Dock Of The Bay musika dokumentalei buruzko jaialdiaren zazpigarren edizioa hasi da astelehenean, urtarrilaren 6an, eta 14 film eskainiko ditu lehiaketan eta beste lau lehiaketatik kanpo Trueba zinema aretoetan eta Antzoki Zaharrean, urtarrilaren 12ra bitartean. Filmez gain, kontzertuak eta erakusketa bat ere izango dira.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, musika dokumentalaren arloan "erreferente izaten jarraitzeko apustua" egin du jaialdiak aurten ere. Hainbat film lehen aldiz eskainiko ditu, eta jaialditik kanpo "nekez topa daitezkeen" lanak ere aurkeztuko ditu Trueba zinema aretoetan eta Antzoki Zaharrean.
Helburu hori lortzeko, ikusleen babes ekonomikoa izan du jaialdiak. Izan ere, 'crowdfunding' edo finantziazio kolektiborako kanpaina bat jarri zen martxan, 7.500 euro biltzeko asmoz, eta azkenean 8.020 euro jaso dira. Antolatzaileek zehaztu zutenez, ez dute inolako irabazirik izango, jaialdia finantzatu eta eskaintza zabaltzera bideratu baitute ekarpen oro.
Lehiaketako eta lehiaketaz kanpoko edo erakusketarako filmez gain, zuzeneko musika ere eskainiko du Dock Of The Bay jaialdiak. Horrela, urtarrilaren 10ean, Parrots eta Cooper arituko dira, 20:00etan, Intxaurrondoko Kultur Etxean, eta 00:00etatik aurrera, festa egingo dute Le Bukowski klubean, bertako hainbat DJk girotuta.
Urtarrilaren 11n, Musikagela gunean entseatzen duten musikarien klipak izango dira. Hain zuzen ere, Luke Amstrong, Tristan Crowley, Jan Fol, June Calsor, El Octavo Arbol, Frank, The Rock Sifredi Band eta Underneed taldeen klipak proiektatuko dituzte, 18:00etan hasita, Antzoki Zaharrean.
Jaialdiaren sari banaketa urtarrilaren 12an izango da. Musika dokumental onenak 2.000 euroko saria jasoko du, Felipe Cabrerizo, Joan Pons, Eulalia Iglesias, Julian Elizalde eta Concha Barquero kideek osatutako epaimahaiaren eskutik.