'Asier ETA biok'
Aitor Merino: 'Ikuspegi bakarra apurtu nahi dugu'
Erredakzioa
Aitor Merino egilearen eta Asier Aranguren ETAko kidearen arteko adiskidetasun harremana kontatzen duen dokumentala tentsio handiko unean estreinatuko da ostiralean, Aranguren kartzelan baita berriz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aitor Merino eta Asier Aranguren lagunen bidea berriz ere banandu da. Atzo, Asier Arangureni baldintzarik gabeko kartzelaldia ezarri zioten, fidantzarik gabe, joan den astean Guardia Zibilak EPPKrekiko bitartekartza taldearen aurkako operazioa egin eta gero.
Bestalde, Aitor Merino ere Madrilen egon da astearte honetan, baina oso bestelako toki eta zeregin batzuetan: "Asier ETA biok" Amaia arrebarekin batera elkarlanean egindako dokumentala aurkezten jardun du Aitorrek.
Ostiral honetan helduko da zinema aretoetara, ikusmin handia piztuta, "Asier ETA biok", ETAk markatutako adiskidetasun baten erretratua. Asierrek eta Aitorrek txikitandik zuten adiskidetasuna kontatzen du lanak, eta, Merinok azaldu duenez, 2002an Asier Arangurenek, ETAko kidetzat hartuta Polizia atzetik zuela eta, ihes egin eta harremana eten zenean beregan sortu ziren eta ingurukoek planteatu zizkioten galderei erantzuteko egin duen saiakera da dokumentala.
Berak erantzun batzuk aurkitu omen ditu, gaur Madrilgo aurkezpenean esan duenez, eta orain publikoak filmaren bidez ahalegin bera egitea nahi du: "Euskal Herritik kanpo, modu bakarrean ikusten gaituzte, eta hori kaltegarria da. Hori apurtxo bat apurtu nahi dugu", esan du.
Zinemaldian hautsak harrotu eta euskal zinemaren Irizar saria irabazi zuen lana duela bi urte grabatu zuten, eta, ordudanik, gauza asko gertatu dira Euskal Herrian, besteak beste Asier Arangurenen atxiloketa: "Barne ministroaren buruan egotea gustatuko litzaidake. Beraiek jakingo dute zer nahi dute, baina bakea ez", esan du Aitor Merinok aurkezpenean.
Ostiraletik aurrera ikusi ahal izango da, beraz, "Asier ETA biok", hiri hauetan: Donostia (Principe), Bilbo (Multicines), Iruñea (Golem), Gasteiz (Guridi), Madril (Artistic Metropol), Bartzelona (Zumzeig eta Boliche), Errenteria (Niessen), Irun (Txingudi), Barakaldo (Cinesa Max Ocio), Tutera (Ocine) eta Uharte (Itaroa).