Itxi

Zinemaldia

Sundance zinema jaialdiaren hogeita hamargarren edizioa abian da

Erredakzioa

Zinema independenteak Park City Utahko (AEB) hiria hartuko du hilaren 26ra arte film "oso ezberdinak" erakusteko.

Zinemak Park Cityko kaleak hartuko ditu hilaren 26ra arte. Argazkia: Efe.

Sundance zinemaldi mitikoa gaur hasiko da, Utahn (AEB). Robert Redford topaketaren sortzaileak azaldu duenez, 2014. urte honetan erroetara joko du atzera jaialdiak, zinema independenteko lan "oso ezberdinak" erakutsiko baitituzte. Hollywoodeko izar askok parte hartzen dute, nolanahi ere, lan horietan.

Philip Seymour Hoffman 2005ean Oscar saria jaso zuen aktore estatubatuarra bi filmetan agertzen da: "A Most Wanted Man" suspenseko lana John Le Carre handiaren liburu batean oinarrituta dago, eta Rachel McAdams, Willem Dafoe eta Robin Wright ditu alboan Seymour Hoffmanek pelikulan. "God's Pocket"en ere agertzen da oscardun aktorea, eta ikusmin handia piztu du lan horrek; John Slattery "Mad Men" telesaileko protagonistak idatzi du, interpretaziotik zuzendaritzarako jauzia eginda.

Richard Jenkins, John Turturro eta Christina Hendricks ere badaude lan horren aktore taldean.

Anna Kendrick ere bi filmetan agertzen da: "Happy Christmas"en, Lena Dunham ("Girls" telesaila) ondoan duela, eta "The Voices"en, Ryan Reynoldsek lagunduta.

"Frank" lana ere aurkeztuko dute, Michael Fassbender eta Maggie Gyllenhaal aktoreen lana erakusten duen istorioa; "Song One", Anne Hathaway ekoizpen eta aktore lanetan duen pelikula; "Cooties", Elijah Wood aktore zerrendako buru duen mutanteen filma; eta "Infinitely Polar Bear", J.J. Abrams ekoizle eta Mark Ruffalo eta Zoe Saldaña protagonista dituena.

Jaialdiaren espirituari jarraiki, "Wish I Was Here" helduko da Sundanceko jaialdiko pantailetara: Kickstarter plataformaren bidez lortu zuen finantzazioa Zack Braff zuzendari, gidoilari eta protagonistak, besteak beste, ondoan Kate Hudson, Mandy Patikin eta Ashley Greene izateko.

Michael Shannon aktorea bueltan izango da Sundancen, 2011n "Take Shelter" lanarekin epaimahaiaren saria irabazi eta gero: "Young Ones" aurkeztuko du.

Kristen Stewart, Michael C. Hall, Don Johnson, Aaron Paul eta Glenn Close aktoreen lanik berrienak ere aurkeztuko dituzte aurten Sundance jaialdian.

Euskal zinemak ere oihartzuna izango du, "Zipi y Zape y el club de la canica" Oskar Santos zuzendariaren lana emango baitute Sundace Kids atalean.