Proiektu berria
'Lasa eta Zabala' pelikula filmatzen hasi dira
Erredakzioa
Pablo Malo donostiarra izango da GALek bahitu, torturatu eta hildako gazteen istorioa pantaila handira eramateko arduraduna, alboan, besteak beste, Unax Ugalde eta Aitor Mazo aktoreak dituela.
Astelehen honetan hasi dira Lasa eta Zabala film luzea grabatzen, benetako gertakari entzutetsuetan oinarritutako thriller politikoa gorpuzten, Pablo Malo donostiar zuzendariaren gidaritzapean.
Aktoreen zerrendan Unax Ugalde agertzen da; Iñigorena egingo du gasteiztarrak pelikulan, Lasaren eta Zabalaren familien abokatuarena. Horrez gain, Oriol Vila, Francesc Orella, Aitor Mazo, Pep Tosar eta Ricard Sales aktoreek lagunduko dute istorioa kontatzen, historian atzera begiratzen.
Joxe Portela eta Alberto Gerrikabeitia ekoizleen pelikula filmatzeko lanak Donostia, Baiona eta Tolosan kokatuko dituzte batik bat, zazpi bat astean.
Formatu digitalean filmatuko dute Lasa eta Zabala, euskaraz eta gaztelaniaz, eta 2.000.000 eurotik gorako aurrekontua du produkzioak.
Zuzendaria Pablo Malo donostiarra izango da. Besteak beste, Frío sol de invierno egin du aurretik Malok, eta zuzendari berri onenaren Goya saria ekarri zion film horrek, Lasa eta Zabala lanean gertatuko den bezala, alboan Unax Ugalde zuela orduan ere.
Horrez gain, La sombra de nadie film luzean Nora film laburrean eta Hispania telebista saioan jardun du Pablo Malok zuzendari eta gidoilari gisa.
Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal iheslariak Baionan bahitu zituzten, 1983an, aztarnarik utzi gabe. Hamabi urte geroago, aurkitu eta identifikatu zituzten gorpuak, Alacanten, kareatan lurperatuta.
Filmean, Iñigo, familien abokatua, eta Fede, haren laguntzaile gaztea, sumario luze eta bihurrian, hiltzaileak auzitara eramaten saiatuko dira; etsaien joko zikinari arma berdinaz erantzutea zilegi ote den erabaki beharko dute, eta bien biziak arrisku larrian jarriko dituzte.
Joanes Urkixok idatzi du gidoia, eta Pascal Gaigneren musikak girotuko du filma. 'Lasa eta Zabala'k ETBren partaidetza eta Eusko Jaurlaritzaren eta ICAA Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren laguntza du. Abra Prodek ekoitziko du, eta Barton filmsek banatu.