Zinemako estreinaldiak
'Her' bakardadearen erretratua, Clooneyren 'Monuments Men'en aurrean
Erredakzioa
"Her", Urrezko Globoetan saritu eta Oscarretarako izendatu eta gero, zinemetara heldu da, "Monuments Men" George Clooneyk Bigarren Mundu Gerraz eta artelanen desjabetzeaz egindako lana lagun.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Spike Jonze ("Being John Malkovich") du zuzendari "Her" filmak, Urrezko Globoetan gidoirik onenaren saria irabazi zuen eta Oscar sarietan pelikularik onenaren eta beste lau ataletan izendatu duten lanak. Theodore idazle bakartiak (Joaquin Phonix) maitasun harremana hasi du Samantharekin, Theodorek berak sortutako sistema eragile bateko emakumezko ahotsarekin: programa adimen artifizialeko modelo batean oinarrituta dago, eta erabiltzailearen beharrizanak asetzea du helburu.
"Monuments Men"en, George Clooney kameraren alde bietan egon da, zuzendari eta protagonista, baita Bigarren Mundu Gerran kokatutako film honetan. Robert Edselek benetako gertakariak kontatuz idatziriko eleberri batean oinarritu da Clooney.
Clonneyz gain aktore zerrenda izugarrian Matt Damon, Bill Murray, John Goodman, Jean Dujardin, Bob Balaban, Hugh Bonneville eta Cate Blanchett dituen filmak artista, arkitekto eta museoburuen istorioa kontatzen du. AEBko Armadan izena emango dute, naziak Europan artelanak lapurtzen gelditu barik dabiltzala-eta kezkatuta, ebasteak geldiarazteko.
Umeentzako eskaintza "The Lost Medallion: The Adventures of Billy Stone" da aste honetan, Bill Muirrek zuzendutako lehen lana.
Daniel Anderson Billy Stone eta Allie 13 urteko adiskideen gertakariak kontatzen ari zaizkio umezurtz etxe bateko haurrei. Biok medailoi bat aurkitu dute, eta uharte galdu batera garraiatzen ditu horrek. Han, uharteko bizilagunak esklabotzatik askatzeko borrokatuko dira bertako gaizkileen aurka.
"Kad svane dan" Goran Paskaljevicek zuzendu du: Misha Brankov (Mustafa Nadarevic) musika irakasle erretiratuaren bizimodua goitik behera aldatuko da, Belgradeko Museo Juduaren eskutitz bat jaso eta gero. Bigarren Mundu Gerran juduak eta ijitoak azpiratzeko erabiltzen zuten kontzentrazio esparru batean kutxa bat aurkitu dutela esango diote idatzi horretan.
"Epizoda u zivotu beraca zeljeza" lanean, Senada txatarra bilduz bizibidea ateratzen duen ijitoen familia bateko ama da: umedun dago, eta odoletan ari dela ikusi du. Ospitalean, ebakuntza egitea gomendatuko diote, baina ez du osasun asegururik, eta, horregatik, senarrak hamar egunean 500 euro emango dizkion txatarra biltzeari ekingo dio, ebakuntza ordaindu ahal izateko.
Bosnia-Herzegovinak, Frantziak, Esloveniak eta Italiak ekoitziriko lana Danis Tanovicek zuzendu du, eta Berlingo jaialdiko epaimahaiaren lana irabazi zuen. Gizonezko aktore nagusi onenaren saria ere eman zioten Nazif Mujici.