Zinema estreinaldiak
Judi Dench zinema aretoetako protagonista 'Philomena' filmarekin
Erredakzioa
Drama eta komedia partekatzen duen filma 'Was bleibt (Home For The Weekend)' alemanarekin eta 'Paris à tout prix' frantziarrarekin lehiatuko da zinema aretoetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Judi Dench asteko zinema estreinaldien protagonista nagusi bezala aurkeztu da "Philomena" filmarekin. Genero ezberdinak aurkezten dituzten "Was bleibt (Home For The Weekend)" eta "Paris à tout prix" europarrak ere zinema aretoetara iritsi dira.
Nerabea zenean haurra izan eta adopzioan eman behar izan zuen emakume irlandar baten istorioa erakusten du "Philomena" filmak. 50 urte geroago AEBra joango da, semea ezagutzera. Judi Dench da drama eta komedia biltzen dituen lan honetako protagonista. Martin Sixmith idazlearen The lost child of Philomena Lee liburuan oinarritutako benetako istorioa erakusten digun film honi esker Dench emakumezko aktore onenaren sailean izendatu dute 2014ko Oscar sarietan.
Harrison Ford, Liam Hemsworth eta Gary Oldman "Paranoia" Robert Luketicen film berrian elkartu dira. Dirua eta saldukeria nahasten dira lan honetan. Teknologia berriekin lan egiten duen langile bati delitu federal bat egitea egotziko diote. Kartzelara ez bidaltzearen truke, espioitza korporatiboa egitea proposatuko diote.
Drama familiarra erakusten digu "Was bleibt (Home For The Weekend)" filmak. Marko, hogeita hamar urteko gizonezkoa, bere gurasoek bizi duten burges estiloko bizimoldetik aldendu egingo da eta bere amak buruko gaixotasunerako hartzen dituen sendagaiak utzi dituela iragarri du.
Komediaren generoa "Paris à tout prix" filmari esker iritsiko da zinema aretoetara. Reem Kherici da lan honetako zuzendaria, aktore nagusia eta ekoizlea. Kultura ezberdinen arteko talkek, aurreiritzi sozialek eta etxera itzulerak beteko dute horren ildo nagusia.
Curtis Jackson abeslariak, 50 Cent, akziozko "Gun" filmean parte hartu du. Detroiten askatasun osoarekin diharduen arma trafikatzaile bat antzezten du.