Film laburrak
Kimuak 2014 egitasmoan izena emateko epea, zabalik
Erredakzioa
Film laburrak aurkezteko epea maiatzaren 30era bitartean egongo da zabalik. 2013ko ekainaren 1etik aurrera osatutako lanak izan behar dira.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin antolatutako programa honek euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Horretarako, zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko den katalogo bat argitaratzen da urtero.
Katalogo horretan egon nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2013ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.
Bestalde, zuzendariak edota ekoizle nagusiak egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izan behar dute. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoizpen-etxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.
Ez dira onartuko areto komertzialetan estreinatutako edota telebistaz, Internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.
Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa ekimenaren webgunean daude eskuragarri.