FANT
Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 37 herrialdetako 576 film jaso ditu
Erredakzioa
Maiatzaren 9tik 16ra ospatuko den zinemaldiko epaimahaia Matthew Robbins gidoigile, zuzendari eta ekoizleak, Carlos Areces aktoreak eta Andrea G. Bermejo kritikariak ostatuko dute.
FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 20. edizioak filmak aurkezteko epea itxi du, eta guztira, 37 herrialdetako 576 film jaso ditu, iaz baino 92 gehiago. Maiatzaren 9tik 16ra ospatuko den zinemaldiak edizio honetako nazioarteko epaimahaia ere aukeratu du dagoeneko, eta Matthew Robbins gidoigile, zuzendari eta ekoizleak, Carlos Areces aktoreak eta Andrea G. Bermejo kritikariak ostatuko dute, antolakuntzak jakinarazi duenez.
Euskal Herriko eta Espainiako filmez aparte, Alemania izan da lan gehien bidali dituen Europako herrialdea, baina beste toki askotatik heldu dira lanak: Kroazia, Irak, Iran, Egipto, Zipre, Norvegia, Erresuma Batua, Mazedonia, Nepal, AEB, Kanada, Argentina, Taiwan... "Aukera zabal honek munduko edozein lekutan egiten den zine fantastikoaren erakusleiho bihurtzen du berriro ere jaialdia", adierazi dute antolatzaileek.
Aurreko urteetan bezala, Sail Ofiziala osatuko duten film luzeak pelikularik onenaren, gidoirik onenaren eta zuzendaritzarik berritzaileenaren sarietan lehiatuko dira, azken bi sariak Euskadiko Gidoigileen Elkartearen eta FAS zineklubaren eskutik, hurrenez hurren. Film laburrei dagokienez, epaimahaiak eta publikoak ematen dituzten film labur onenen sariak (3 000 euro bakoitza) eskuratzeko lehiatuko dira, eta euskal film labur onena sariak ere beste 2.000 euro banatuko ditu.
FANT jaialdiaren 20. edizioan irabazle izango diren Sail Ofizialeko film luze, film labur onena eta euskal film labur onenak aukeratuko dituen epaimahaiko kideak hauek izango dira: Matthew Robbins gidoilari, zuzendari eta ekoizlea, Carlos Areces aktorea eta Andrea G. Bermejo zinema kritikaria.
Bestalde, trailer faltsuen lanak aurkezteko epeak zabalik jarraitzen du apirilaren 15era arte. 1.500 eta 750 euroko bi sari eta Bilboko jatetxe ospetsu batean bi pertsonarentzako afari bat izango dira lehiaketako sariak.
Halaber, martxoaren 28ra arte dago irekita Nontzefilmak film laburren lehiaketan parte hartzeko lanak aurkezteko epea, gai eta formatu librean. Webgunean aurkeztu behar dira filmak, eta hiru sari izango dira: zinemako film onena (1.500 euro), animaziozko film onena (1.500) eta euskarazko lan onena (2.000).