Komedia
Cobeaga ETArekiko negoziazioei buruzko lana filmatzen ari da Donostian
Erredakzioa
Zuzendariaren hitzetan, "negoziazioen nondik norakoen gaineko filma, beheraldia ere badakarren komedia" da "Negociador". EiTBk parte hartu du lanean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ocho apellidos vascos filmerako egindako gidoiak arrakasta handia lortu eta gero, zuzendari gisa hirugarren filma izango duena grabatzen hasi da Borja Cobeaga Donostian; ETAren eta Gobernuaren arteko negoziazioak ditu ardatz komediak.
Negociador pelikularen gidoia Cobeagak berak idatzi du, eta protagonistak Ramon Barea, Josean Bengoetxea eta Carlos Areces izango dira. Horien pertsonaiak benetako pertsona hauetan oinarrituta daude: Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, 'Josu Ternera' eta Francisco Javier Lopez Peña 'Thierry'.
"Istorioaren zutabea benetakoa da, baina argumentua eta pertsonaiak asmaturikoak dira erabat", adierazi du Cobeagak ekoiztetxeak zabaldutako ohar batean.
"Ez dago Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioen kronika errealista egiteko inolako asmorik, ezpada fikziozko kontaketa bat, ustezko gertakari hotsandiko eta larri batek gordetzen dituen detaile txikiei begiratzen diena, horiexek oso gauza egunerokoa bilakatzen baitute jazoera".
Cobeagak berak ekoitziko du lana, Sayaka Produccionesen bidez, eta EiTBk eta Eusko Jaurlaritzak parte hartu dute proiektuan.
"Ez da negoziazioei buruzko filma, baizik eta haren inguruko zirkunstantziei buruzkoa, eta horrek bihurtzen du komedia", azaldu du Cobeagak, eta hau ere erantsi du: "Ez da karikaturen gainean eraikitako film zoroa; istorio neurritsua da, ukitu melankolikoa duena. Beheraldia ere badakarren komedia da, neurri batean".