Bertatik bertara
Soshannak Cannes menpe izan zuenetakoa
Begoña del Teso | Cannes
Kosta Urdineko uretan globo-arrain hilgarri bat harrapatu dute. Horrek egunkarietako hitz handiak lortu ditu izarrak ezabatuz. Guztiak? Ez, batek iraun du lehenengo orrialdeetan: Melanie Laurentek.
Seguru derrepentean, bote prontoan ez zaretela Melanierekin akordatuko. Lasai, izenburu bat emango dizuet, besterik ez: Tarantinoren Malditos Bastardos. Bertan, Melanie Soshanna zen. Neska judua. Landa koronelen atzaparretatik behin eta berriro ihes egiten zuena, Hitler eta konpainia akabatu zituena... Bai, bera.
1999tik jarduten du zineman, baina inork gutxik erreparatu zion Tarantinok pantailaratu zuen arte. Musika kontuetan ere badabil, ederki asko. Eta zuzendari ezin finagoa da. Kritikarien Astean, bere bigarren luzea aurkeztu zuen: Respire. Thriller barea, baina erraiak sutan dituena. Hori izan zen aurtengo Canneseko gure azken aurkikuntza ahaztezina.
Zuek zinemaz, bizitzaz, amodioaz dakizuena baino gehiago ikasi nahi baduzue, sar zaitezte zinema jaialdi honetako webgune ofizialean, eta bertan aurkituko duzue Sofia Lorenek, gai horietan maistra ezin hobeak, eskaini zigun lan magistralaren bideo oso-osoa. Dasta ezazue chianti kopa ona eskutan duzuelarik, arren.