Irailaren 5ean
'Cinema Paradiso' zinemetara itzuliko da, mende laurdena ospatzeko
Natxo Velez | eitb.com
Giuseppe Tornatore zuzendariak zinemari eskainitako gorazarrea Hegoaldeko aretoetara itzuliko da, irailaren 5etik aurrera, ikusleak estreinakoz hunkitu zituenetik 25 urte joan direnean.
Haren estreinaldiaren hogeita bosgarren urteurrenaren kariaz, “Cinema Paradiso” Giuseppe Tornatore italiarraren maisulana zinema aretoetara itzuliko da, irailaren 5etik aurrera, bertsio zaharberritu batean. Ikusi ez dutenek deskubritu ahal izango dute, eta gainerakoek klasiko bat aretoan ikusteaz gozatu ahalko dute.
Oscar bat eta Urrezko Globo bat irabazi zituen filma 1989an estreinatu zen, arrakasta handiz, eta ezinbesteko filma da honezkero zinemaren historian.
Ennio Morriconeren soinu banda ahaztezina lagun, pelikulen magiaren laudamen nostalgiko eta xarmangarria da filma. Hainbat kritikarik idatzi dutenez, “zinemak inoiz bere buruari egin dion omenaldirik biribilena da”.
Salvatore zinemagile arrakastatsua jaioterrira itzuliko da, Alfredo lagunaren hiletarako. Siziliako herriko zineman filmak proiektatzeaz arduratzen zen Alfredo, Salvatore umea zela, eta haurtzaro zoriontsuko oroitzapenek malenkonia piztuko diote: Elenarekin izan zuen lehen amodio harremana…
Zentsuratzaileek filmetatik moztarazten zizkioten film zatiak gordetzen zituen Alfredok kutxa berezi batean, uneoro Toto gaztea inguruan zuela, zinemako proiekzio gela txikian, bion arteko adiskidetasun harremana nola handitzen zihoan ikusten zuten lau hormen artean.