Zinemaldia
Hamabi film Donostiako Zinemaldian Dorothy Arzner ezagutzeko
Erredakzioa
Zuzendari estatubatuarraren dozena bat pelikula eskainiko ditu Donostiako zinema jaialdiak. Arzner emakumea zinemaren industrian barneratzen aitzindaria izan zen.
Dorothy Arzner 30eko eta 40ko hamarkadetan Hollywooden zuzendari gisa aritu zen emakume bakarretakoa izan zen, eta Donostiako Zinemaldiak omenaldia egingo dio 62. edizioan, haren filmografiako hamabi pelikula eskainiko baititu.
Arznerrek (1897-1979) hamazazpi film grabatu zituen; lehena, Fashions for Women, 1927an. Urtebete geroago, Manhattan Cocktail grabatu zuen, eta soinudun film bat zuzendu zuen lehen emakumea izan zen. Horri esker, zinemaren munduan jarraitzeko aukera izan zuen. Aurretik, eszenografoa, sinopsi idazlea, gidoilaria eta muntatzailea ere izan zen.
The Wild Party (1929) Zinemaldiak antolatutako omenaldian eskainiko den filmik zaharrena da, eta Clara Bow aktorea du protagonista.
Katharine Hepburn, Fedric March, Rosalind Russell, Claudette Colbert, Maureen O'Hara eta Joan Crawford aktoreak Arznerren aginduetara aritu ziren. Zuzendaria San Frantziskon jaio eta Los Angelesen hazi zen, eta haren gurasoek kafetegi bat zuten. Besteak beste, Charles Chaplin eta Erich von Stroheim zituzten bezero.
William C. DeMille Cecil B. DeMille zuzendari famatuaren anaiarekin bildu zenean, Arznerren bizitza aldatu egin zen, hari esker, Hollywoodera iritsi eta emakumea zinemaren industrian barneratzen aitzindari bihurtu baitzen.
Ahanzturan erori ostean, mugimendu feministek zuzendariaren lana oroitu zuten 60ko hamarkadan, eta omenaldi ugari egin zizkioten; AEBko Zuzendarien Sindikatuak, 1975an, tartean. Elkarte horretako emakume bakarra izan zen hamarkada askotan.
Haren estiloa eta nortasuna, emakumezkoak tratatzeko modua eta garai hartarako ausartak ziren filmak nabarmendu ziren Arznerren ibilbidean, Donostian ikusi ahalko den Anybody's Woman (1930) esaterako.
Honor Among Lovers filmean, Claudette Colbert, Ginger Rogers eta Fredic March aktoreak izan zituen lagun, eta garaiko zineman ezohikoa zen lan munduko eraso sexisten gaia jorratu zuen.
Merrily We Go To Hell (1932) pelikulan, bikote harremanetan emakumeak duen jarrera aztertu zuen, eta Christopher Strong filmean, Katharine Hepburn parlamentari batekin maitemintzen den hegazkin pilotu bihurtu zuen.
Arznerrek zuzendutako lanetako batzuk hauek dira: The Bride Wore Red, Dance, Girl, Dance eta First Comes Courage (1943), bere azken filma.
"Gaur, Arznerren filmografiak balio berria hartu du, ez bakarrik AEBko zinemaren barruan salbuespen bitxia izateagatik, baita berez dituen balioengatik ere", Zinemaldiko arduradunek azpimarratu dutenez.
"Arznerren lanek arrastoa utzi zuten. Estilo bisual landuko film haietan zalantzan jarri zituen garaiko sexu-rolak, baita emakumeak gizartean betetzen zuen zeregina ere, eta Hollywoodeko egitura zurrunaren barruan ukitu homosexual ezkutuak sartzea lortu zuen, zenbait kritikariren esanetan", horien arabera.