Zinemaren industria
'Zinemaren industriari laguntzak ordaintzeko lanean dabil Gobernua'
Erredakzioa
Rajoyren Gobernuak 30 milioi euroko ezohiko kreditua onartu zuen aurreko astean aipaturiko laguntza horiek ordaintzeko, baina ekoizleek 40 milioi eskatzen dituzte.
Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak larunbat honetan azaldu duenez, Gobernua zinemaren industriari oraindik ordaindu ez zaizkion laguntzak emateko "baliabide guztiak lortzeko" lanean ari da.
Donostian Espainiako Zinema Sariaren banaketa ekitaldia egin da gaur, eta bertan egin ditu adierazpenok Kultura ministroak.
Espainiako Gobernuak 30 milioi euroko ezohiko kreditua onartu zuen aurreko astean 2012ko zinema estreinaldiei zegozkien laguntza horiek ordaintzeko, baina ekoizleek 40 milioi eskatzen dituzte.
Ekoizleekin bilerak sarri egiten dituela eta gaur bertan beraiekin elkartzekoa dela adierazi du, besteak beste, laguntzen gaia eta zinema industriaren eredu aldaketa jorratzeko.
"Egungo laguntza sistemaren ordez segurtasun gehiago emango duen sistema funtzionalago bat ezarri behar dugu, industriari egonkortasuna emateko. Aldaketa hori nola egin zehaztu behar dugu gainera", nabarmendu du.
Gobernuak zerga pizgarriak onartzeko eta BEZ zerga jaisteko konpromisoa hartu zuen 2013ko amaieran ekoizleekin.