Urriaren 6tik 10era
Iruñeko Zinemaldiak 114 lan erakutsiko ditu astelehenetik aurrera
Erredakzioa
Jaialdiaren hamabosgarren edizioan, nazioarteko zinemagileen aldeko apustua egingo dute: Europako sei eskolatako film laburrak erakutsiko dituzte.
Iruñeak hamabosgarren Zinemaldia ospatuko du Nafarroako hiriburuko aretoetan, urriaren 6tik 10era. Aurten, publiko mota guztien gustuak aseko dituzten 114 lan proiektatuko dituzte.
Alternatif, Alternatif Internacional, Cortico eta Valor Visual sailek beren horretan jarraituko dute hamabosgarren edizio honetan ere, bertoko eta atzerriko film laburrak eskaintzen. Halaber, AcceFestek (zentzumen urritasunen bat dutenei bideratuta) eta Educatif ikasleentzako sailak ere zinematografia artea publiko ez horren tradizionalari hurbiltzeko eta gizarte balioak zabaltzeko lanari helduko diote beste behin ere.
Hilaren 6tik 10era izango da hitzordua, batik bat Civivox Iturrama eta Saide Karlos III.a aretoetan. Azken zinema horietarako sarrerak 3 euroan erosi ahalko dira.
Sailak
Alternatif sailean, Espainiako Estatuan ekoitziriko 40 film labur emango dituzte, astelehenetik ostiralera banatuta, 20:00etan Saide Karlos III.ean hasiko diren saioetan. Horretatik guztietatik, bost lan dira nafarrak.
Bestalde, Alternatif Internacional sailak Europako sei eskolatan eginiko 21 film labur emango dituzte: Alemania, Hungaria, Portugal, Italia, Txekia eta Poloniakoak dira ikastetxeok. Jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, azpidatziekin, astelehenetik ostiralera, 20:30ean, Saide Karlos III.a zinemetan.
Halaber, 2005etik urtero bezala, Corticos sailak nafar zinemagile gazteek sorturiko 17 film labur proposatuko ditu. Ostegun-ostiraletarako dago hitzordua jarrita, Saide Karlos III.a zinema-aretoetan, 22:30etik aurrera.
Zentzumen urritasuna duten pertsonak
Bestalde, Valor Visual sailak gizarteari begiratzen dioten bost dokumental emango ditu. Astelehenetik ostiralera programatuta daude bertako filmak, 19:30etik hasita, Iturramako Civivoxen. Proiekziootan, aurkezpena eta solasaldia egingo dute.
AcceFestek, bestalde, zentzumen urritasunen bat duten pertsonentzat egokitutako filmak erakusten ditu; bost film luze emango dituzte horrela. Entzumen urritasuna dutenentzat, pantaila gehigarri bat paratuko dute, kolorezko kodeak erakutsi ahal izateko. Ikusmen urritasuna dutenentzat, audiodeskribapena entzuteko aukera egongo da. Egunero izango dira horrelako proiekzioak, 20:00etan hasita, Karlos III.a aretoan.