Azaroaren 14tik 21era
Zinebik Cecilia Rothi emango dio aurten Ohorezko Mikeldia
Erredakzioa
Saria jaialdiaren inaugurazio ekitaldian emango diote aktore argentinarrari, azaroaren 14an, Arriaga Antzokian.
62. Zinebi, Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Jaialdia, azaroaren 14tik 21era izango da, eta Cecilia Roth antzezle argentinarrari emango dio Ohorezko Mikeldia, “interpretatzeko orduan erakutsi duen askatasunaren eta heldutasunaren aintzatespen gisa”.
Saria inaugurazio ekitaldian emango diote, azaroaren 14an. Ohikoa denez, ekitaldia Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian izango da.
“Pertsonaiak aukeratzeko orduan intuizio, arrisku eta koherentzia pertsonal bikainak erakutsiz, Cecilia Rothek bere garaiko emakumeak azaleratu ditu bere film bakoitzean, milioika ikus-entzuleren zine iruditerian parte bilakatu diren izaera indartsuko emakumeak, hain zuzen ere”, zinemaldiaren arduradunek esan dutenez.
Haren ibilbidean hamaika sari jaso ditu Rothek, hala nola emakumezko aktore onenaren bi Goya sari (“Martín Hache”, 1998, eta “Todo sobre mi madre”, 1999). Espainiako Arte Ederren Merituaren Urrezko Domina ere eman zioten, 2000. Urtean.
Cecilia Rothek (Buenos Aires, 1956) 70eko hamarkadaren erdialdean debutatu zuen Argentinako zineman. Geroago, beste pelikula arrakastatsu asko etorri dira: “De fresa, limón y menta” (Miguel Ángel Díez, 1978) “Arrebato” (Iván Zulueta, 1980), “Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón”, “Laberinto de pasiones” (1982), “Entre tinieblas” (1983), “Todo sobre mi madre” (1999) eta “Los amantes pasajeros” (2013).