Itxi

Filmatzea

Imanol Uribe 'Lejos del Mar' pelikula berria filmatzen hasi da

N.V. | eitb.eus

Almerian eta Madrilen hasi dituzte lanak, baina Donostiara ere etorriko dira irudiak hartzen. “Mikelen heriotza” eta “Azken egunak” lanekin batera, trilogia osatuko du “Lejos del Mar” honek.

Imanol Uribe gipuzkoar zuzendaria Lejos del mar bere lan berria filmatzen hasi da gaur. Eduard Fernandez eta Elena Anaya aktoreak izango ditu ondoan Uribek pelikula honetan.

Suroeste Films ekoiztetxeko ordezkariek eitb.eus-i azaldu diotenez, “pelikula Almerian, Gata lurmuturrean, eta Madrilen grabatuko da, baina sekuentzia batzuetarako irudiak, flashback bat eta beste, Donostian hartuko dira”.

Lejos del Mar Daniel Cebrianekin batera idatzi du Imanol Uribek, eta Jose Luis Garcia Perez eta Nacho Mateo aktoreek ere parte hartuko dute. Ekoiztetxeko kideen arabera, Uribe “betiko estilo eta istorioetara” itzuli da lan berrirako.

ETAren indarkeria agertuko da berriz testuinguruan, “eta Mikelen heriotza lanarekin hasi eta Azken egunak sarituarekin (Urrezko Maskorra eta 8 Goya sari bereganatu zituen) jarraitu zuen trilogia burutuko du”, azaldu dute.

Aurreikuspenen arabera, abenduaren 23an bukatuko dute filmatzen Antonio P. Perezek Suroeste andaluziar ekoiztetxearentzat ekoitziko duen lana.

2015eko udazkenean pantailaratu nahi dute zinemetan, eta “urteko filmetako bat” izango dela iragarri dute.