Zinemako estreinaldiak
Oscar usaina zinemetan, 'Wild' eta 'Nightcrawler' filmen eskutik
Erredakzioa
Oscarretarako izendatuta dauden filmak helduko dira, besteak beste, ostiralean aretoetara: “Wild” (Reese Witherspoon eta Laura Dern) eta “Nichtcrawler” gidoirik onena izateko hautagaia.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Reese Witherspoon otsailaren 22an, Oscarrak banatzeko galan, emakumezko aktorerik onena izateko lehian egongo den antzezleak 1600 kilometroko bakarkako bidaia bat ekingo dio Mojave basamortuan zehar, “Wild” filmean. Bere buruarekin berradiskidetu nahi du, hainbat gertakizun tragikotan nahasita egon eta gero.
Laura Dern ere dago izendatuta Hollywoodeko Akademiaren sarietan, film honetan egindako lanagatik, antzeztaldeko emakumezko aktorerik onenaren sailean. Jean Marca Valleek zuzendu du filma, “Dallas Buyers Club” zuzendu zuen berberak.
"Nightcrawler"en, Lou Bloom (Jake Gyllenhaal) gazteak negozio biribila aurkituko du: Los Angelesen jazotzen diren gertakari ilunen irudiak telebista kateei salduko dizkie. Jatorrizko gidoi onenaren estatuatxoa irabazteko lehian dago lan hau.
"Annie" 1977an estreinatu zen, Broadwayn, eta zinemarako 1982an egokitu zuten lehenengoz, nork eta John Hustonek. Hiru hamarkada geroago, neskato umezurtzaren abenturak pantaila handira itzuliko dira, Will Gluckek zuzendu eta Jay-Zk eta Will Smithek ekoitzita. Annie umezurztegi batean hazi da, Hanningan andereñoaren (Cameron Diaz) herrari aurre eginez, harik eta egun batean Oliver Warbucks aberatsak adoptatzen duen arte.
Michael Mann akziozko lanen zuzendaria (“Heat”, “Collateral”…) nazioarte mailako ziberterrorismoaren inguruko istorio batekin itzuli da: “Blackhat”, Chris Hemsworth protagonista duena.
“Las ovejas no pierden el tren” landa giroan kokatutako filmak Inma Cuesta eta Raul Arevalo ditu protagonista. Hiritik kanpo joan beharko dute, eta bertan bizitzearen ondoriorik txarrenak pairatu beharko dituzte.
Asteburu honetan, “Captain Harlock” ere helduko da, Leiji Matsumotok sortutako pertsonaia protagonista duen filma. Gainera, Michael Bayren (“Transformers”, “Armageddon”…) eskutik, “Porject Almanac” dator, gazteentzat idatziriko lana: lagun talde batek denbora zehar bidaiatzeko makina bat eraikiko du, iraganera itzuli eta orduan egindako akatsak konpontzeko.