Goya sariak
Kepa Sojo: ‘Bidaia bikain baten amaiera paregabea da izendapena’
Natxo Velez | eitb.eus
Arabar zuzendaria fikziozko film labur onenaren Goyarako izendatu dute, “Loco con ballesta” lanagatik; “euskal baserri giroko ohiturazko komedia da, zinema beltzen eta thrillerren ukitua duena”.
Kepa Sojo arabar zuzendaria (Laudio, 1968) poz-pozik dago, “Loco con ballesta” film laburra Goya sarietarako izendatu dutenetik. Otsailaren 7an Madrilen egingo duten galan jakingo du irabazi ote duen.
Agintarien arabera balezta bat duen zoro bat dagoen inguru batean perretxikotan dabiltzan aita-seme batzuei gertatutakoak hartu ditu hizpide Sojok lan horretan.
“Loco con ballesta” lanean, gainera, Espainiako Zinema Akademiaren Sarietarako izendatu duten beste euskal herritar batek hartu du parte, Karra Elejaldek. “Ocho apellidos vascos” filmeko protagonistak, besteak beste, Andres Gertrudix, Gorka Aguinagalde, Ane Gabarain eta Itziar Atienza ditu ondoan lan horretan.
Zuzendariarekin hitz egin dugu, Goya sarien atariko honetan lanaren nondik norakoak konta diezazkigun.
Beste ezer baino lehen, zelan hartu duzu ‘Loco con ballesta’ Goya sarietarako izendatzea? Espero zenuen?
Izendapena oso pozik hartu dut. Ehun jaialditan baino gehiagotan 25 sari lortuta bi urtean zehar egindako bidaia bikainerako amaiera paregabea da. Aurreneko aukeraketan hautatu egin gintuztela esan zigutenetik, izendatuen artean sartzeko esperantzarik bagenuen, baina ziurtasunik ez, oso film labur onak baitzeuden hamabosteko zerrendan.
Zer kontatzen du ‘Loco con ballesta’ lanak?
Aita-seme batzuen istorioa da; semea zalantzan dago, ikasten jarraitu edo aitarekin lanera joan. Euskal baserri giroko ohiturazko komedia da, zinema beltzaren eta thrillerren ukitua duena.
Zinemagilea ez ezik, “Zinemaren Historia”ko irakaslea zara EHUn. Zelan uztartzen dituzu teoria eta praktika? Nola uztartzen dira Kepa Sojo zuzendariaren lana eta Kepa Sojo irakasle eta ikertzailearen eskarmentua?
Batetik, teoriari esker, ikasi ditudanak praktikan jar ditzaket: planoak, gidoi egiturak, teknikak… Bestetik, film bat aztertzeko orduan, ikertzaileok diruditena baino sinpleagoak diren gauza askori buelta gehiegi ematen dizkiegula erakutsi dit praktikak.
Film laburrak (“Cien maneras de hacer el pollo al txilindrón”, “Cuando puedas”…) ez ezik, film luze bat (“El síndrome Svensson”) eta telebistarako hainbat lan ere egin dituzu. Zer duzu esku artean orain?
Euskarazko nire lehen film laburra prestatzen ari naiz: “Hileta” du izena, eta ez da komedia. Gainera, “La vida es una tómbola” film luzea ere egiten ari naiz. Komedia zoroa da, frankismo garaian girotuta dago eta Arabako Errioxako herrixka batean gertatzen da.
Kanpotik ikusita, euskal zinema bolada onean dela ematen du (‘Loreak’ lanaren arrakasta, Karra Elejalderen izendapena, ‘Lasa eta Zabala’, ‘A escondidas’ eta ‘Los tontos y los estúpidos’ filmen estreinaldia, Uribe eta Cobeagaren film berriak aurki…). Nola ikusten duzue barrutik?
Euskal zinema beti da puntakoa Estatu mailan. Erakundeen babesa ezinbestekoa da aurrera egiteko. Ilusio handia egiten dit ‘Loreak’ lana eta gisa horretako filmak horren urrun heltzea, euskaraz filmatu dutelako eta, zinema komertziala baino gehiago, arte eta entseguko proposamena delako.
Euskal film laburrak ere erreferente dira Estatu mailan, besteak beste, Kimuak programari edo Banatu Filmak banatzaile independenteari esker, dudarik gabe.
Zer gertatuko da, zure ustez, otsailaren 7ko galan?
Ederto pasatuko dugula, gertatzen dena gertatzen dela. Guretzat, izendatuta egote hutsa saria da. Irabazteko probabilitatea % 20koa da, baina irabazteko probabilitate bera duten lau film labur eder dauzkagu lehiakide.
2014ko zein interpretazio eta film azpimarratuko zenituzke?
Gehien gustatu zaidan filma “Loreak” izan da, batik bat interpretazio bikainak dituelako: Itziar Ituñoren lana miragarria da. “Musarañas” Juanfer Andrés eta Esteban Roelen pelikula ere bikaina da; asko gustatzen zait proposamen berritzailea delako, eta Macarena Gomez eta Nadia Santiago aktoreak ederto ari direlako bertan. “La isla mínima” ere asko gustatu zitzaidan: eszenaratzeko modua, argazkigintza eta aktoreen zuzendaritza bikainak dira. Eta, agian, oihartzun txikiagoa izan duten beste film batzuk ere badaude: “Marsella”, Belen Maciasena, esaterako. Eta ez dut “Relatos salvajes” ahaztu, Ricardo Darinen istorioa batik bat.