Itxi

Otsailaren 15era arte

Isabel Coixetek eta Juliette Binochek zabalduko dute Berlinale

Erredakzioa

Zuzendari katalanak “Nadie quiere la noche” aurkeztuko du Urrezko Hartzerako lehian. Forum atalean, “Sueñan los androides” Ion de Sosa euskal zuzendariaren filma erakutsiko dute.

“Nadie quiere la noche” Isabel Coixetek zuzendu eta Juliette Binoche protagonista duen filmak zabalduko du Berlinale zinemaldiaren 65. edizioa, gaur. Beste hamazortzi film lehiatuko dira Urrezko Hartza irabazteko.

Artikoan 1908. urtean girotutako maitasun istorio bat kontatzen du pelikulak. Binoche Josephine Peary emakume ausarta da, eta Ipar Polora abiatuko da, senarra bertan galduta baitago izotz artean. Emakume inuit bat batuko zaio hura bilatzen laguntzeko, eta elkarrekin komunean uste baino gehiago dutela konturatuko dira.

Hirugarren aldiz parte hartuko du Coixetek sail ofizialean, “Mi vida sin mí” (2003) eta “La elegida” (2008) filmekin egin eta gero.

Hurrengo sei egunetan, Hartza irabazteko gainerako hautagaiek aurkeztuko dituzte beren lanak, hala nola, Peter Greenawayk, Terrence Malickek, Werner Herzogek…

Alfonbra gorriaren gainean, nazioarteko izar asko igaroko dira: Nicole Kidman, Robert Pattinson, James Franco, Charlotte Rampling, Cate Blanchett, Natalie Portman, Christian Bale…

Jaialdiaren epaimahaiaren presidentea Darren Aronofsky zuzendaria (“Noe”, “Beltxarga beltza”…) eta Claudia Llosa perutarra (2009ko Urrezko Hartzaren irabazlea, “La teta asustada” filmagatik), Daniel Bruhl katalan jatorriko aktore alemaniarra eta Audrey Tautou aktore frantziarra izango ditu ondoan.

Euskal zinema

Guztira, 441 film proiektatuko dituzte Alemaniako hitzorduan, besteak beste, “Sueñan los androides” Ion de Sosa euskal zinemagilearen lana. Forum atalean eskainiko dute, eta lehen bi emanaldietarako sarrerak agortuta daude dagoeneko.