Itxi

Punto de Vista, barrutik

Errealaren zinemaz bete dira Iruñeko pantailak

Mikel Dominguez | Iruñea

Bernardo Atxagaren hitzaldi batek hasiera eman dio Iparralden filmatutako pelikula mitikoen zikloa, eta atal ofizialaren lehenengo pelikulak ikusi dira.

Chris Wertenbaker. Argazkia: Mikel Dominguez

Gaur goizean lehenengo pelikula ofizialak ikusi diren arren, Punto de Vista atzo hasi zen, Baluarten. Bernardo Atxagak hitzaldi bat eman zuen, jendez gainezka zegoen aretoan. Chris Wertenbaker eta Beñat Toyos idazlearekin egon ziren. Orson Wellesek Euskal Herrian filmatutako pelikuletan parte hartu zuten umeak dira. Lehenengoak, Ziburun zazpi urte eman zituen atzerriko familia baten semeak, Welles herrian zehar gidatzeko lanak egiten ditu. Erromantikoentzat, aurkitzear zegoen herrialde lilugararria zen euskaldunena, mundu industrialaz apartekoa. Garrantzia zuen bakarra “euskera hitz egitea, ondo dantzatzea eta pilotara jokatzea” zen. Zinemaldiko zuzendari artistiko Oskar Alegriaren hitzetan, “zinema haragi egin da” bi pelikula zahar horietako protagonisten presentziarekin.

Dudarik gabe, errealitatea oso ezberdina zen, eta Wertenbaker familiak kasualitatez edo arrazoi politikoengatik bukatu ahal izan zuen Euskal Herrian. Bernardo Atxagak gogoan izan zuen Bigarren Mundu Gerrako Comete sarea eta mugalariak. Euskaldun asko, nazien inbasioaren erdian, euren etxe eta dendetan babestu zituzten soldadu aliatuak. Adibidez, Bidasoa zeharkatu, Ingalaterra Gibartarretik itzuli, eta Alemaniako beste hiriren bat bonbardatu behar zuten hegazkinlari britainiarrak.

Kasualitatea, hala ere, Around the world with Orson Wellesen dokumentalaren filmaketatik urrun dago. Zuzendari amerikarrak, antzezten maisua, erreala irudikatzen du. Antzezpen hor lagungarri izan ahal zaigu, gaur egun, garai horretako ametsezko herrialdea zein benetazkoa ulertzeko.

Zuzendari ospetsuaren lana asteazkenean eta larunbatean emango dute, 20:00etan, Baluarten. Beste pelikulak ere ikusgai egongo dira Chez les Basques sailean. Guztiak Iparraldean filmatu zituzten bisitanteek, eta batzuk garrantzi historiko handikoak dira. Estareako, Lumiere anaiena edo Au pays des basques, Euskal Herriko lehenengo film soinuduna, lehenengo euskal hitzekin.

Zinema errealitarean sakralizazioa bezala

Hori dirudi orain arte ikusitako Erdialdeko Eskualdea atalaren pelikulen helburua. El hombre congelado filmean, Carolina Campok bi zati ezberdin antolatzen ditu: lehenengoa Uruguaiko armadaren itsasontzi baten bidaia da, eta euren lan gogor eta errepikakorrekin; bigarrena Antartidara heltzen da, eta paisaien bakartasuna da nagusi. Planoak luzeak eta kantu georgianoak, itsaso zabaleko lana mitifikatzeko. Luzeegia helburua lortzeko.

Antzekoa egiten du Carl Olssonek Blessed Be This Place pelikulan, baina emaitza ezberdina da: Danimarkako gizartearen egunerokotasuna sakralizatzen du, enkoadraketa perfektuen eta arretaz konposatutako planoen bitartez. Musika ere lagungarria da jende arruntaren bizitza beste maila batera eramateko, nahita adinaren arabera bananduta (hotz diren nerabeak, entrenatzen ari den kulturista, herriko taldearen maskota, elizako koroa...). Mambo Cool-en, antzezpena erabiltzen du Chris Gudek. Protagonistek euren pertsonaiak antzezten dituzte, Kolonbiako drogen iluntasunera hurbiltzeko. Saltsa eta poesia dute gorputzean eta hizkuntzan, baina hainbat aldiz egindako bidea dela esan dezakegu.

Echo Chamber (Guillermo Moncayo) izan da orain arteko onena. Ekaitz tropikal bat hondamendia egiteko zorian dago. Travelling ironiko batek (oinarrizko irrati sistema bat, gaztetxo batek gidatuta) ematen du apokalipsi hurbilaren berri. Gizarte horrek, aldiz, lasai itxaroten du ekaitza, edo akaso hondamendia sufritu du jada. Sentsibilitatez eta ironiaz beteta dago film laburra.

Agenda/Atal ofiziala: Blessed Be This Place eta Mambo Cool, asteazkenean, 17:00etan, Baluarten. 20:00etan, Echo Chamber eta El hombre congelado.