Itxi

Elkarrizketa

Javier Rebollo: 'Ezinezkoa da ‘Txarriboda’rekin aspertzea'

Natxo Velez | eitb.eus

Javier Rebollok (Madril, 1969) eta Alvar Gordejuelak (Barakaldo, 1987) “Txarriboda” euskaraz filmatutako “thriller bizi eta artegagarria” estreinatu dute gaur, apirilak 10.

Alvar Gordejuela eta Javier Rebollo zuzendariak

Fran (Mikel Losada) enpresaburu gazteak emaztea desagerrarazteko plan bat asmatuko du, negozioetan pilatutako dirua galtzeko beldur, baina Clarari (Itziar Atienza), emakume-hiltzaileei jazartzeko arrazoi sendoak dituen poliziari, aurre egin beharko dio. Istorio hori kontatzen du Txarriboda Javier Rebollok (Alaba zintzoa, Marujas asesinas?) eta Alvar Gordejuelak (Alaba zintzoa) elkarrekin zuzendutako pelikulak.

Oinarri hori hartuta, thrillerra eraiki du zinemagile bikoteak, eta elkarren aurkako borroka gogorrean jarri dituzte bi antagonistak, bakoitza bere interesei estu lotuta. Helburu erabat kontrakoak dituzte gainera: Franek bere ondasun materialei eta estatusari eutsi nahi die eta Clara, ostera, justizia gosez dago.

Bizkaian grabatu dute Txarriboda, sei astez eta EiTBren parte-hartzearekin. Euskaraz filmatu den istorio gordin eta ilunak inguru ezagunak ditu agertoki, hala nola Gaztelugatxeko Done Joane, Bakio, Gordexola, Zugaztieta eta Bilboko kaleak, besteak beste.

Zuzendarietako batekin, Javier Rebollorekin, hitz egin dugu, apirilaren 10etik  aurrera zinema aretoetan ikusgai egongo den pelikulari buruz.

Zer kontatzen du Txarriboda filmak? Zer aurkituko du filma ikustera joaten denak?

Oso istorio entretenigarria aurkituko du, kemen handiz filmatutakoa eta lokalizazio ederrak eta aktoreen lan bikaina dituena. Kalitatezko pelikula da, eta ezinezkoa da horrekin aspertzea.

Alvar Gordejuelak eta zuk Alaba zintzoa 2013ko filmean ere egin zenuten lan elkarrekin. Zelan aritu zarete oraingoan pelikula sei eskutara idatzi (Maria Eugenia Salaverrik ere idatzi du gidoia) eta lau eskutara filmatzeko?

Oso ondo. Oso ondo ezagutzen dugu elkar denok: asko hitz egiten dugu, baina entzun ere asko egiten dugu. Ondo pasatzen dugu elkarrekin, badakigu zer nahi dugun eta zer ez, eta ego txikia dugu. Lokalizazioak aukeratutakoan, gidoiak aldatu egiten dira, eta oso malgua izan behar duzu, aldez aurretik zenituen ideiak alboratzen jakin, askotan ez baitira bat etortzen errealitatearekin.

Bestalde, oso ondo dakigu hau zinema dela, talde lana dela eta pelikulak ez dituztela zuzendari edo gidoilariek bakarrik egiten. Txarriboda-n ia ehun lagunek egin dute lan, eta oso hunkigarria izan da denok ilusio handiz dena eman dugula ikustea.

Gordejuelak aktore lana ere egiten du Txarriboda-n. Nola zuzentzen da zuzendarikidea, aktore diharduenean?

Aktore gisa ari denean, Alvar oso otzana da, eta esandakoa egiten du, oso ondo bereizten baititu bi eremuak, aktorearena eta zuzendariarena. Intuizio handiko aktorea da, baina oso profesionala aldi berean. Diziplinatua da oso, eta eszenan gidatzen uzten zaitu.

Protagonista nagusiak Mikel Losada eta Itziar Atienza dira. Nolakoa izan zen pertsonaiak sortzeko prozesua? Zer bilatu duzue bi aktore horiengan?

Izaera sendoko bi aktore behar genituen, pertsonaiak oso gogorrak direlako, eta, bikoteak funtziona zezan, biek nortasun berezia eduki behar zuten. Sinetsita geunden ondo aukeratu genuela, biek gorpuztuko zituztela beren pertsonaiak inolako arazorik gabe. Baina biak batera ikusten dituzun arte, ez duzu jakiten beraien artean kimikarik ba ote dagoen, funtzionatuko ote duen. Egia esan, apustu bat egiten ari zara. Elkarren aurrean interpretatzen ikusi genituenean, asko poztu ginen. Asmatu egin genuen.

Zer bide aurreikusten diozue filmari? ?Tentsio handiko euskal thriller aztoragarria? dela esan duzue? Zer publiko mota du helburu?

Gure ustez, ez da horrenbeste adin kontu bat, gustu kontu bat baizik. Ikusleen parte handi batek thrillerra maite du. Nazioarte mailako fenomenoa da hori, eta nonahi ikus daiteke, zinema aretoetako kartelei begiratuta soilik.

Jendeak polizia istorio bat kontatzen duen pelikula batez gozatzea espero dugu, baina oso hurbilekoak ditugun eta ondo ezagutzen ditugun inguru batzuetan kokatutako istorio batez.

Filma ikusi eta gero aretotik ateratzen den ikusleak buruan zer izatea gustatuko litzaizueke?

Pelikula hori aukeratuta asmatu egin dutela. Merezi egin duela eta lagunei gomendatuko diotela.

Filmatze lanak euskaraz egin dituzue. Zelan ikusi ahalko da pelikula euskal aretoetan? Eta kanpoan?

Euskal Herriko zinemetan euskaraz ikusiko da, eta, plaza batzuetan, euskaraz gaztelaniazko azpitituluekin. Estatuko beste toki batzuetan, gaztelaniaz emango dute, ondo bikoiztuta.

Zelan jorratu duzue aktoreekin euskalkien gaia? Bakoitzak bere euskara egin du edo euskara batura jo duzue? Zergatik?

Hasiera-hasieratik erabaki genuen. Protagonistaren munduan, baserri giroan, bizkaieraz mintzatzen dira. Kaleko giroan, batua da nagusi.

Euskal zinema bolada onean dagoela igartzen da (Negociador, Loreak, A escondidas, Lasa eta Zabala, Los tontos y los estúpidos, orain Txarriboda?). Zeri egozten diozue arrakasta hori?

Urte askoko lanaren fruituak jasotzen ari garela uste dut. Profesionalen harrobi ederra dugu, maila artistikoan zein teknikoan, eta seguru gaude herrialde honetan lan arrakastatsu asko egingo direla, merezi duten babesa jasotzen badute.

Bideoak (1)