Itxi

Zinema jaialdia

Canneseko lehendabiziko irabazle... canis bat: Lucky!

Begoña del Teso | Cannes

Gaur bananduko dira sariak. Auskalo zer jasoko duen Haynesek; auskalo zerbait lortuko duen Morettik.

Baina, oraingoz, bost axola Hou Hsiao-hsien. Zorion dezagun zinema eskolen lanak babesten dituen Cine Fondation saileko hirugarren saria jaso duen Kataluniako Zine Eskola txit estimagarria.

Opa diezaiogun etorkizun oparoa lehengo aldiz ematen den 'Urrezko Begia' izeneko garaikurra jaso duenari. Sari honek Cannesen izan diren dokumentalik onena nabarmentzen du.

Zinemagileen Hamabostaldian ikusi izan dugun lan barnerakoi eta gardena den Más allá de Allende, mi abuelo lanak lortu du ohore eta umiltasun frankoz.

Izenda ditzagun beti Zinemaren eta Canneseko muga horren zabaletatik at dabilen Kritikaren Asteak ontzat eman dituen bi izenburu ezinbesteko eta kasik ezin hobe hauek: Paulina eta La Tierra y la Sombra.

Biak Latinoamerikakoak. Biak konpromiso handikoak. Zinemarekiko, gizakiarekiko. Eta orain egin diezagun txalo, ozen eta serio, txakur bati: Lucky, Lucky, Lucky!!! Duela ordu gutxi bitxon maltatar arrazako izaki honek jaso du estima handiko ikurra, Le Palm Dog. Ez, ez naiz txantxetan ari.

Sari nagusia da, bai animalientzat bai horiek trebatzen dituztenentzat. Iaz, Un Certain Regard saileko sari handia eraman zuen White Dog film basan agertzen ziren Luke eta Body suertatu ziren garaile lehiakide gogor baten kontra, eta aurten, Godarden filmean agertzen zen txakur beltz kasik beldurgarria.

Aurtengo borroka ere 'kristona' izan da. Arerio fina zuen Luckyk Mountains May Apart etsipenez beterikoan dagoen Labrador zintzoarengan. Baina azkenean, gainditu egin zuen. Arma dotoreekin, ez pentsa. Lucky Miguel Gomesen As mil e uma noites laneko 360 minutu paregabeetako izarra da, eta planuan, kamera aurrean zegoen bakoitzean, ikusleak barreka eta goraka hasten ziren…

Hala ere, buka dezagun izkribu hau Un Certain Regard saileko saria aipatuz: Hakonarson zuzendariaren Hrútar.

Zin dagizuet Islandian egiten den zinemak laster bahituko duela irudiaren mundu gurea.