72. EKITALDIA
Veneziak alfonbra gorria jarri du zinema 'Mostra'ri hasiera emateko
agentziak | erredakzioa
Irekiera beste batzuetan baino apalagoa izango da izar kopuruari dagokionez, aurtengo edizioa talentu berrietan eta kultuzko zineman oinarrituko baita.
Everest pelikulak irekiko du gaur Veneziako zinema Jaialdiaren 72. edizioa, eta Jake Gyllenhaal, Jason Clarke eta Emily Watson protagonistak izango dira alfonbra gorria zapaltzen lehenak.
Veneziaren parean, Lidok jasoko ditu lehenik Everesten protagonistak. Himalayako mendian kokatzen den pelikula lehiaketatik kanpo dago, eta Robin Wright, Keira Knightley eta Sam Worthinnton protagonistek ez dute Baltasar Kormakur zuzendariaren filmaren aurkezpenean parte hartuko.
Gaur gauean lehiaketa ofizialeko epaimahaikideak iritsiko dira, Alfonso Cuaron mexikarra buru dutela, eta Diane Kruger eta Elizabeth Banks aktoreak eta Nuri Bilge Ceylan eta Pawel Pawlikowski zuzendariak izango ditu ondoan, besteak beste.
Irekiera beste batzuetan baino apalagoa izango da izar kopuruari dagokionez, aurtengo edizioa talentu berrietan eta kultuzko zineman oinarrituko baita.
Aurkeztuko diren 21 zuzendarietako 16rentzat lehenengo aldia izango da Urrezko Lehoia irabazten saiatuko direla, eta gehienak ez dira ezagunak zinema mundutik kanpo.
Tom Hooper britainiarrarena da salbuespena, Mostran ikusmin handia duen pelikula batekin. The Danish Girl filma da hori, Eddie Redmayne oscarduna protagonista duena, Einar Wegener margolari daniarraren paperean, sexu aldaketa egin zuen lehenengo pertsonaren paperean, hain zuzen ere.
Kristen Stewart da edizio honetako beste pertsonaietako bat, Drake Doremusen Equals filmarekin, Nicholas Houltekin, Guy Pearcekin eta Jackie Weaverrekin batera.
Lehiaketatik kanpo aurkeztuko diren lanen zerrenda luzean Arturo Ripseinen La calle de la amargura egongo da.
Gainera, Mostrak Ripstein bertan dagoela aprobetxatuko du omenaldia egiteko. Bertrand Tavernier ere omenduko dute, eta Urrezko Lehoia jasoko du bizi osoan egindako ibilbideagatik.