Itxi

Igande honetan, Los Angelesen

2010eko Oscar sarietarako xehetasunak azkendu ditu Hollywoodek

Erredakzioa

Alfonbra gorrian Hollywoodeko izarrak izango ditugu ikusgai. 'Avatar' eta 'En Tierra Hostil' sarietarako faboritoak dira. Jarraitu gure atalaren bidez 2010eko Oscar sariei buruzko informazio guztia.

Oparotasuna eta glamourra bueltan dugu Hollywooden. Nazioarteko krisi ekonomikoak eta gidoilarien grebak azken bi urteetako edizioei dizdira kendu diete. Hala ere, galdutakoa berreskuratu du AEBetako zinemaren aurtengo jaialdiak.

2010eko Oscar sarien 82. edizioaren aurkezleak Alec Baldwin eta Steve Martin akoreak izango dira. Bi hauekin batera, Ben Stiller, Tina Fey, Steve Carell eta Jason Bateman izango dira eszenatokiaren gainean, sari banaketan umore saioak eskaintzeko asmoz.

Hasiera batean, Sacha Baron Cohen komikoaren partehartzea aurreikusita zegoen baina azkenik, antolatzaileek bere saioa zentsuratu egin dute (izan ere, Avatar filmaren parodia bat egiteko asmoa zuen Cohenek, eszenatokian bertan James Cameroren ume bat erdibituz).

Igandeko 02:00etan (estatuko ordutegian) hasiko da emanaldia.

Igande honetan aurpegi aski ezagunak izango dira sariak banatuko dituztenak. Haien artean Keanu Reeves, Sam Worthington (Avatar), Gerard Butler (300), Bradley Cooper (Resacón en Las Vegas), Chris Pine (Star Trek), Ryan Reynolds (La proposición) eta Jake Gyllenhaal (Brokeback Mountain), besteak beste, aurki ditzazkegu.

Era berean, Kodak Antzokian jezarleku bereziak gordeko dizkiete Barbra Streisandi, Charlize Theroni, John Travoltari, Robert Downey Jri, Kathy Batesi, Queen Latifahi, Samuel L. Jacksoni, Kate Winsleti, Sean Penni eta Quentin Tarantinoi, beste batzuren artean.

Zinema independente eta komertziala, aurrez aurre

Zinema independente eta komertzialaren arteko lehia emango da Oscar sarien 82. edizioan. James Cameronen Avatar eta Kathryn Bigelowen En Tierra Hostil sarietarako faboritoak dira; bakoitzak bederatzi izendapen lortu ditu.

Igaro den urtarrilean, James Cameronen filma Urrezko Globoetan garaile atera zen, hiru izendapenetik bi golardo eskuratu zituelako, haien artean, Zuzendari Onenaren saria.

Zinema eta Telebistako britainiako Akademiak ematen dituen BAFTA sarietan, bestalde, Bigeloweren zinta izan zen sarituena, guztira, sei golardo eman zizkiotelako, Pelikula Onenaren eta Zuzendaritza Onenaren aipamenak barne.

Morboa izango dugu hizpide, James Cameronek eta Kathryn Bigelowek lanbidea eta bizitza pertsonala konpartitu zituztelako (egun, bikote ohiak dira). Gainera, Film Onenaren eta Zuzendari Onenaren sailetan lehiatuko dira.

Espainiar ordezkaritza

Penelope Cruz aktorearen eskutik etorriko da espainiar ordezkaritza igandeko emanaldian, Rob Marshallen Nine musikalean egindako paperari esker Emakumezkoen Bestelako Aktorerik Onenaren sailean izendapen bat lortu baitu. Madrilgo aktore honek Oscar bat du jada, Vicky Cristina Barcelona Woody Allenen filmearen ondorioz lortutakoa.

Era berean, Javier Recio Graciaren La dama y la Muerte tituluak laburmetraiaren sailean borrokatuko du. Honekin batera, El secreto de sus ojos koprodukzio espainiar-argentinarra eta La teta asustada Peruko filma Atzerriko Film Onenaren atalean izendatuta daude. Pedro Almodovarrek emango dio saria film irabazleari.

Sari banaketaren ondorengo jaiak

Oscar sarien emanaldiaren ondorengo ospakizunak, aurreko urteetan eta krisiaren ondorioz, soilak izan badira, 2010ekoak lirainak izango direla aurreikusi dute, Vanity Fair aldizkariak ezagutzera eman duenaren arabera. Sari gabe gaua amaitzen dutenek 36 jai baino gehiago izango dituzte prest penak kitatzeko.

Madonnak eta Demi Moorek batera antolatutako jaia izango da esklusibena. Hollywoodeko muinon atondutako karpa argazkilarien objetibo bihurtuko da.

Vanity Fair aldizkariak antolatutako ospakizunean izango da gaueko beste hitzordu nagusienetarikoa. Sunset Boulevardeko hotel batean bilduko dira izarrak eta atean urtero biltzen diren zinema zaleak izango dira bertan, haien aktoreak hurbiletik ikusteko asmoz.

Albisteak (4)

Bideoak (2)