Otsailak 20
'Zaindari ikusezina' filmerako castinga egingo dute, Elizondon
eitb.eus
Proban adin guztietako gizon-emakumeek parte hartu ahalko dute, otsailaren 20an. Arizkunenea kultur etxean izango da.
Baztango Trilogia Dolores Redondoren lanaren lehen atalaren zinemako bertsioaren arduradunek gaur iragarri dutenez, larunbatean, otsailak 20, pelikulan estra gisa jardungo duten pertsonak aukeratzeko hautaproba bat egingo dute, Elizondon.
“Zaindari ikusezina” filmaren zuzendaria Fernando Gonzalez Molina (“Palmeras en la nieve”, “3 metros sobre el cielo”…) izango da, eta ekoizpen lanetan Peter Nadermann “Millenium” Stieg Larssonen trilogiaren zinemarako egokitzapenaren arduradunak eta Nostromo Picturesek, “Buried”en edo “Palmeras en la nieve”ren ekoizleek, parte hartuko dute.
Larunbateko proban, “Zaindari ikusezina” Baztanen aurki filmatzen hasiko diren pelikulan estra gisa lan egin nahi duten adin guztietako gizon-emakumeek parte hartu ahalko dute. Arizkunenea Elizondoko kultur etxera bertaratu beharko dute hautagaiek, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Heltzen diren ordenan hartuko dituzte aktoregaiak, eta 18 urtetik beherakoek NANa eraman beharko dute.
Parte-hartzaileek fitxa bat bete beharko dute, eta pare bat argazki hartuko diete.