Elkarrizketa
'Taldearen babesaren prezioa askatasunarekin lotuta dago askotan'
Natxo Velez | eitb.eus
Helena Taberna nafarrak “Acantilado” bere bosgarren film luzea estreinatuko du gaur. Sekten munduan girotutako thrillerra da, Kanarietan desagertutako neska gazte baten bilaketak abiatzen duena.
Helena Taberna nafar zinemagilearen lana aretoetara helduko da gaur, “Acantilado” Lucia Etxebarriaren eleberri batean (“El contenido del silencio”) oinarritutako thriller artegagarriaren bidez. Sekten munduaren inguruan garatzen da istorioa.
Taberna fikziora itzuli da lan honekin, “Nagore” bere aurreko lanean 2008ko sanferminetan indarrez hildako emakume gaztearen istorioan murgildu eta gero. Aurretik, “Yoyes” (2000), “Extranjeras” dokumentala (2003) eta “La buena nueva” (2008) zuzendu zituen.
Nafar zinemagileak kontatzen duen istorioaren ardatza Gabriel da, Kanaria uharteetan sekta bateko kideek bere buruaz beste egin eta gero desagertutako arrebaren bila ari den gizona. Luxuzko aktore taldean, Daniel Grao, Goya Toledo, Ingrid Garcia-Jonsson, Xabier Elorriaga eta Jon Kortajarena bilbotar modeloa daude, besteak beste.
Norbanakoen askatasunaren eta taldekide izateko sentimenduaren inguruko hausnarketa plazaratu nahi duen filmean, Gabriel sektaren misterioetan murgilduko da, eta onik ateratzeko modu bakarra arreba bizirik aurkitzea izan litekeela konturatuko da.
Tabernarekin mintzatu gara, “Acantilado” Malagako zinema-jaialdian aurkeztu zuen filma aitzakia hartuta.
“Acantilado” filma “El contenido del silencio” Lucia Etxebarriaren eleberrian oinarrituta dago. Noiz ikusi zenuen liburua zinemara eramateko egokia zela?
Eleberria irakurri nuenean, harrapatu egin ninduen, eta giro hori eta gai hori jorratzen zituen film bat ikustea gustatuko litzaidakeela pentsatu nuen. Asko interesatu zitzaizkidan neba-arreben istorioa eta sekten atzean dagoena.
Egokitzeko zailtasunak izango nituela ere jakin nuen orduan, baita istorioa zinema mundura eramatea erronka izango zela ere.
Sektak ditu mintzagai filmak. Zergatik orain? Etsipena, sufrimendua eta hausnarketarik eza nagusi diren garai hau hazteko eta jendea erakartzeko une ona ote da taldeontzat?
Sektek jakin-mina pizten digute, haien inguruan beti egoten baita misterio eta enigma moduko bat. Baina ekonomiaren eta balioen krisi honek sekten kopurua nabarmen handitzen lagundu du, eta, ondorioz, inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zait jarrera sektarioak aztertzea eta “sektak besteak dira” pentsatzetik harago joatea.
Nire ustez, egokitzapen humanista bat izan behar du gizarteak berandu baino lehen, inoiz baino beharrezkoagoa baita: hezkuntzan balioak transmititu, eta gizaki libreen gizarte bat ahalbidetuko duten atxikimenduak eraiki behar dira.
Zergatik babesten dute askok beren burua taldearen barruan azken burura arte, filmean bezala, besteen bizimodura egokituz, nork bere askatasuna (askatasun mugatua, agian) garatzeak dakartzan kontraesanei aurre egin ordez?
Argi dago taldeak norbanakoa babesten duela eta afektua ematen diola. Gainera, izaki sozialak gara, eta oso garrantzitsua da taldeko kide sentitzea. Baina banakotasuna ere bai. Zelan uztartu biak, orduan?
Izan ere, taldearen babes eta afektu horrek askatasunarekin eta gure nahiekin lotuta egoten den prezio bat ordaintzera behartzen gaitu.
Kanaria uharteetan eta Euskal Herrian filmatu duzu. Zergatik aukeratu zenituen bi toki horiek?
Espainiar zinema oro har monotonoegia da pelikulak filmatzeko tokiak aukeratzeko orduan, eta nik garrantzi handia ematen diet lokalizazioei.
“Acantilado”k toki eder eta misteriotsuak eskatzen zizkidan, eta, gainera, lotura estua dut bi toki horiekin.
Luxuzko antzeztaldea zuzendu duzu: Daniel Grao, Goya Toledo, Ingrid Garcia-Jonsson, Juana Acosta, Xabier Elorriaga eta Josean Bengoetxea, besteak beste. Zergatik aukeratu zenituen?
Nahi nituen aktoreak eduki ditut, eta luxua da hori. Izugarria izan da, eta, are gehiago, izugarria izaten ari da promozioan, eta hori ere filmaren zati garrantzitsua da.
Egia esan, aktoreekin lan egitea da hainbeste maite dudan prozesuan, zinema egiteko prozesuan, gustukoen dudana.
Gainera, Jon Kortajarena ere izan duzu zure aginduetara. Tim Fordekin eta Julio Medemekin lan egin du dagoeneko, eta ematen du bidea egiten ari dela interpretazioan…
Aktore ibilbidea hasi berri du Jonek, baina oso sendoa izango da, nire ustez. Talentua du, oso langilea da eta maisu onak aukeratu ditu trebatzeko.
Castingeko proban bertan konturatu nintzen horrekin, eta poz-pozik nago filmerako elkarrekin sortu dugun pertsonaiarekin, Julianekin.
Jon Kortajarena, "Acantilado"n. Argazkia: Fernando Marrero.
Apirilean, Malagako zinema-jaialdian erakutsi zenuen filma. Nola hartu zuen jendeak?
Ederki, jendeak bikain hartu zuen, eta Malagako jaialdiaren plataforma, espainiar zinemaren urteko uztaren alerik onenak erakusten dituenez, oso ona izan da “Acantilado” merkaturatzeko.