Espainiar Akademia
'La novia', 'Julieta' eta 'El olivo', Oscarretarako hautagaiak
Paula Ortizek 'Bodas de sangre'n oinarrituta egindako filma, Almodovarren berriena eta Iciar Bollainena aukeratu ditu Espainiako Akademiak aurrehautagai gisa.
Espainiako Zinema Akademiak Oscarren hurrengo edizioan, 89.ean, atzerriko film onenaren atalean Espainiako zein lehiatuko den aukeratzeko bidean hautatutako hiru lanak iragarri ditu. Irailaren 7an esango dute zein den behin betiko hautagaia.
Yvonne Blake Akademiaren behin-behineko presidenteak irakurri du hiru filmen izenburua, alboan Eva Sanz del Real notarioa zuela.
Iaz, lehen hautaketa honetan, "Felices 140", "Magical girl" eta "Loreak" filmak aukeratu zituzten Akademiako kideek, eta euskarazkoa izan zen behin betiko hautagaia. Jakina denez, halere, azkenean ez zuen lortu saria jasotzeko finalistetako bat izatea.