Itxi

Heriotza

Andrzej Wajda poloniar zinemagilea hil da

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Zinema zuzendariak ohorezko Oscarra irabazi zuen 2000. urtean, eta 1973an Zilarrezko Maskorra eman zioten Donostiako Zinemaldian, “Wesele” filmagatik.

Donostiako 1973ko Zinemaldian Zilarrezko Maskorra eman zioten. Argazkia: Efe.

Andrzej Wajda poloniar zinemagilea, “Czlowiek z zelaza” (Burdinazko gizona, 1981) filmaren zuzendaria, hil da Varsovian, 90 urte zituela, herrialde horretako telebista kate publikoak jakitera eman duenez.

Wajdak asko sakondu zuen Poloniaren historian, eta itzal handia utzi zuen bertako zinemagintzan. Bere hiru film Hollywoodeko Oscarretan izendatu zituzten, atzerriko film onenaren atalean: “Ziemia obiecana” (Lur agindua, 1974); “Czlowiek z zelaza”, Elkartasuna sindikatuaren eta Lech Walesa liderraren historia kontatzen duen filma, eta “Katyn” (2008).

“Czlowiek z marmuru” (1977) filmak Nazioarteko Kritikarien Saria erdietsi zuen Cannesen 1978ko jaialdian, eta hitzetik hortzera ibili zen haren izena zinemari buruzko argitalpenetan, garai hartan.

1973an, Donostiako Zinemaldiaren Zilarrezko Maskorra eman zioten, eta 1989an filmak egiteari utzi zion, politikagintzan buru-belarri murgiltzeko. Komunismoaren osteko lehen hauteskunde demokratikoetan, senatari aukeratu zuten Elkartasuna alderdiaren ordezkari gisa.