'Um campo de aviação' portugaldarrarentzat, Zinebiren sari nagusia
“Gure hormek” Las chicas de Pasaiken lanak euskal zinemaren sari nagusia lortu du. Arratsaldean ospatuko dute amaiera ekitaldia, Arriaga antzokian.
“Um campo de aviação” (2016, 14’, Portugal/AEB/Brasil) Joana Pimenta lisboar zinemagilearen film labur dokumentalak irabazi du ZINEBIren, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren, 58. edizioko sari nagusia.
Euskal zinemaren sari nagusia “Gure hormek” (2016, Euskal Herria) Maria Elorzak eta Maider Fernandezek (Las chicas de Pasaik) zuzendutako lana izan da, emakumeak protagonista dituen 15 minutuko dokumentala.
“Timecode” (2016, Espainia) Juanjo Gimenezek zuzendutako fikziozko film laburrak irabazi du zinema espainiarraren sari nagusia, eta “El trabajo industrial” (2015, Argentina) Gerardo Naumannen film argentinarrak film latinoamerikar onenarena. Zinebiko aurtengo edizioan 33 herrialdetako 71 film lehiatu dira Sail Ofizialean.
Sarituen zerrenda gaur goizean aurkeztu du ZINEBI 58ko epaimahaiak. Aurtengo epaimahaiko kideak hauek izan dira: Andréa Picard Kanadako idazle, zine kritikari eta programatzaile independentea, Corina Moldovan-Florea errumaniarra, Krini Kafiris irakaslea eta Greziako komunikabideen ikerlaria, José Luis Rebollo konpositorea eta Virgínia García del Pino zinegilea.
Palmaresa
Bilboko jaialdiko sari nagusia: "Um campo de aviação", Joana Pimenta
Euskal zinearen sari nagusia: "Gure hormek", María Elorza eta Maider Fernández
Zine espainiarraren sari nagusia: "Timecode", Juanjo Giménez
Fikziozko zilarrezko Mikeldia: "Cilaos", Camilo Restrepo
Fikziozko urrezko Mikeldia: "Penúmbria", Eduardo Brito
Animaziozko zilarrezko Mikeldia: "Sredi chernyh voln", Anna Budanova
Animaziozko urrezko Mikeldia: "Kaputt", Volker Schlecht eta Alexander Lahl
Dokumentalen zilarrezko Mikeldia: "Las vísceras", Elena López Riera
Dokumentalen urrezko Mikeldia: "Rust", Eloy Domínguez Serén
Film latinoamerikar onenaren Mikeldia: "El trabajo industrial", Gerardo Naumann
Aipamen berezia: "Setembro", Leonor Noivo
Zinebi first film saria: "El futuro perfecto", Nele Wohlatz
Zinebi first film aipamen berezia: "People that are not me", Hadas Ben Aroya